Zirkua Mendatara ailegatu da
'Mendata, Zirkus Zirku' ikuskizunak Mendata hartu du. San Migel jaietako ospakizunetan bete-betean sartuta daude mendatarrak, eta zirkuko animalia zein pertsonaiez mozorrotu dira herritarrak. Jai giroak ez du etenik izango.
Pailazoak, ekilibristak, mimoak, iragarleak, indartsuak, malabaristak, leoiak, hezitzaileak, dragoiak, sugeak edota untziak. Kaiolan edota kaiolatik kanpo. Zirkuko pertsonaia zein animaliek Mendata hartu dute gaur. San Migel jaietako ospakizunetan bete-betean sartuta daude mendatarrak, eta Mendata, Zirkus Zirku izeneko zirkua irudikatu dute herrian. Zirkuaren parte diren animali zein pertsonaz mozorrotu dira, eta goizetik gauera bitartean, herritarrek zein bertaratzen direnek denetariko egitarauaz gozatzeko aukera paregabea izango dute.Ā
11:30ean hasi dute eguna Elexalden, eta, tradizioari jarraiki, herritarrak mozorrotuta bertaratu dira, photocallean argazkiak ateratzeko.Ā
Oroigarria aterata, Elexaldetik Mendaturi auzora joateko ibilbidea osatu dute, Xaibor animazio ibiltari musikala lagun zutela. Pailazoek zuzendu dute ibilbidea, eta animalietako batzuk euren kaiolan sartuta abiatu dira; dragoia, berriz, mimo, asmatzaile zein hezitzaileek lagunduta abiatu da. Hala, erritmo bizi eta dantzagarriekin eta gorputzak ondo mugituta ailegatu dira Mendaturira.
Bertan, jan-edanaz eta Txitatoki Zirku Eskolakoen erakustaldiaz gozatu dute. Modu parte hartzailean, malabarismoak zelan egin erakutsi dizkiete bertaratu direnei, eta zirkuko erakustaldiaz gozatzeko aukera izan dute txikienek.Ā
Ikuskizuna amaitutakoan, herrigunera itzuli dira, eta frontoia bete dute herri bazkarirako. Hala ere, ikuskizunak ez du etenik, eta herri bazkariaren ostean, beste emanaldi bat izango dute: Oliver Magoak eta La Maleta de Lekim-ek magia ikuskizunak eskainiko dituzte.Ā
Egun handia denez, iluntzean, Kuter taldeak girotuko du egonaldia, eta su artifizialak ikusi eta gero, Oxabiren erritmoek hartuko dute plaza.Ā
Bihar, pilota partiduak.
Atzo arratsaldean txupina jaurtita hasi zituzten sanmigel jaiak. Mus eta tortilla txapelketak lehiatzeko elkartu ziren jaietako lehen hitzorduan, eta EinGOkoek kantuan eta dantzan ipini zituzten herritarrak.
Bihar, pilota partiduak ikusiz eta Xaiborren ikuskizun berriaz gozatuz agurtuko dituzte aurtengo jaiak. Txokolate jana ere egongo da bertaratzen direnentzat.