85 abelburu piriniotar hartuko ditu Urriko Lehen Asteleheneko azokak
13 ganadutegik parte hartuko dute 36. Piriniotar Abelburuen Euskadiko Txapelketan, eta 30 postutan baserriko produktu onenak dastatzeko aukera egongo da.
Piriniotar Abelburuek beteko dute Gernika domekan eta astelehenean. Urriko Lehen Asteleko Azokan Piriniotar Abelburuen Euskadiko 36. Txapelketa lehiatuko dute 85 abelburuk, eta horietako 11 izango dira arrak eta 70 emeak. Hala, azken urteetako abelburu kopuru txikiena bertaratuko da udalerrira.
Guztira 13 ganadutegik parte hartuko dute, iaz baino sei gutxiakok, eta, urtero legez, Piriniotar Abelburuen arraza hazten duten abeltzainek abelbururik onenak ekarriko dituzte udalerrira; bost ganadutegi gipuzkoarrak dira, eta launa dira Bizkaikoak ta Nafarroakoak.
Abereek hainbat kategoriatan sailkatuta lehiatuko dute, eta horien adina, sexua, morfologia, kumea izan duten edo ez, eta erakuslekutik zelan ibiltzen diren ikusita aukeratuko dituzte onenak epaileek. Horrenbestez, lehen sektoreko erreferentzia gune eta tokiko arrazaren erakustoki bihurtuko da Santa Anako aparkalekua.
Domekan 10:00etan hasiko da Piriniotar Abelburuen Euskadiko Txapelketagaz hasiko dira. Bi aditu izango dira, besteak beste, hiru abelburu onenak izendatuko dituztenak. Emeen lehiaketa 11:00etan eta arrena 17:00etan izango dira. Arren lehiaketagaz batera, eguneko ekintzei amaiera emango diete. Horrez gain, lehiaketaikustera eta azokara joaten direnek Eusko Label kalitatea duen Piriniotar okela dastatzeko aukera edukiko dute.
Astelehenean ere goiz hasiko dira ekintzak, 10:00etan zehazki, baina galdu ezin den hitzordua 13:00etan etorriko da, abelburuen lehiaketako saria emango baitute orduan. Domekan epaileek aukeratutako abereen artean, eme heldu eta gazte txapeldunak, ar heldu eta gazte txapeldunak, intseminazioko emerik onena eta ganadutegirik onena aukeratuko dituzte.
30 postu.
Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute Santa Anara bertaratzen direnek. Oraingoan, azken urteetan legez, 30 saltoki egongo dira, eta denetariko produktuak salduko dituzte. Besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela, gazta eta etxean egindako beste hainbeste produktu edukiko dituzte aukeran azokara doazenek. Artisaulanak ikusi eta erosteko aukerarik ere ez da falta izango azoka eremuan.