Gazte enpresak sortzeko eta sendotzeko diru laguntza eskatzeko epea zabalik dago
Gaztedi Busturialdea proiektuak biltzen dituen herrietan erroldatutako gazteek enpresak sortzeko eta horiek sendotzeko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute. Eskaerak urriaren 18ra arte egin ahal izango dira.
Beste urte batez, Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko eta gauzatzeko. Hain zuzen ere, horren helburua da lankidetzarako esparrua ezartzea, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezarriz, sustatuz eta garatuz.
Hori dela eta, Gaztedi Busturialdea proiektuak biltzen dituen herrietan –Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta– erroldatutako gazteek enpresak sortzeko eta horiek sendotzeko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute. Eskaerak urriaren 18ra arte egin ahal izango dira.
Planaren aurrekontua 21.080 eurokoa da, eta onuradunak 35 urtetik beherako gazteak izango dira, 2022an enpresa bat sortu dutenak eta Gaztedi Busturialdea proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak. Zehaztu dutenez, laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da, betiere orain arte egindako inbertsioa 600 eurotik gorakoa izan bada. Gaineratu dute, diru laguntza horiek enpresak sortzeko eta sendotzeko beste laguntza batzuekin bateragarriak direla.
Baldintzak.
Laguntzaren onuradun izateko baldintza batzuk bete beharko dituzte izena ematen dutenek: Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) edo baliokidean alta emanda egotea (2022-01-01 eta 2022-12-31 biak barne); edozein forma juridiko izatea; bazkideetako bat gutxienez Gaztedi Busturialdea proiektua osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta egotea, gutxienez EJZn alta eman aurreko urte jarraitu batean eta 36 urte bete barik izatea EJZn alta ematerakoan.
Eskabideak hurrengo lekuetan aurkez daitezke:
- Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan: Irakaskintza kalea, 14-16. Telefonoa: 94 617 91 58.
- Dokumentazioa aurkezteko: BERHAZ Bermeo: Ertzilla kalea, 6.
- Busturialdeko Herri Txikien Gazteria Zerbitzua: Urremendi LGE: Domingo Alegria enparantza, Merkatuan. Telefonoa: 94 625 76 09.
- Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazio Bulegoa: Foru plaza, 2. Telefonoa: 94 627 02 15.