Lehenengo moda desfileak hartuko du Gernika-Lumo
Gernikako Merkatari Elkarteak moda desfilea antolatu du lehenengoz, eta tokiko merkatarien produktuak kalean ikusteko aukera izango dute herritarrek, etzi [irailak 29]. Picasso kalean jarri dute hitzordua, 19:00etan.
Udalerriko merkatariek kalean erakutsiko dituzte euren eskaintzak. Gernikako Merkatari Elkarteak Gernika-Lumoko kaleetan ospatuko den lehen moda desfilea antolatu du, eta tokiko merkatarien produktuak kalean ikusteko aukera izango dute herritarrek, etzi [irailak 29]. Ekimenagaz, udalerriko eskaintza komertzial “zabala eta askotarikoa” erakusteko urteetan zehar egiten ziren desfileak berreskuratu eta “modu berrituan” kaleratuko ditu elkarteak. Picasso kalean jarri dute hitzordua, 17:00etatik aurrera; desfilea 19:00etan izango bada ere, ile-apaintzaile eta makilatzaileen lana ikusi ahalko da lehenago, Iparragirreren eskulturaren parean jarriko duten gunean.
“Desfile hau Gernika-Lumoko merkataritza eta zerbitzu sektorekoen lana balioan jartzeko eta berresteko ekimena da. Gernika beti izan da kalitatezko merkataritzaren eredu, eta desfileagaz hori indartu gura dugu, eta jendeari ikusarazi gura diogu kalitatea badagoela, eta profesional bikainak ditugula”, adierazi du Naira Iturbe Gernikako Merkatari Elkartuak taldeko ordezkariak. Desfilea tokiko kontsumoaren garrantziaz sentsibilizatzeko estrategian eragiteko “modu ludiko eta profesionala” dela dio, “udalerrian glamourra, kalitatea eta lan ona falta ez direla erakusteko”.
Desfilea Gernika modan dago lelopean aurkeztu dute, eta pasabidea Picasso kaleko oinezkoentzako gunean jarriko dute. Metro erdiko altueran jarriko dute plataforma, eta terrazek bi aldeetan duten espazioa errespetatuko du. Desfilearen xehetasunik ez galtzeko, bira emateko gune bat eta performanceak egiteko espazioa Erialekuko erdiko eskaileren aurrean jarriko dute. Gainera, ekitaldia uneoro jarraitu ahalko da, horretarako egokituko dituzten bi pantaila handiren bidez.
Udalerriko 32 dendak eta 200 pertsona inguruk parte hartuko dute desfilean, eta herritarrak izango dira protagonista nagusiak. Izan ere, modeloak, adin guztietako 100 herritar baino gehiago izango dira. “Modeloak ez dira profesionalak, Ross dantza eskolako ikasleak dira, herriko zein eskualdeko herritarrak, Gernikan merkataritza sustatzeko ekimenagaz bat egoten dutenak”, azaldu du Rosa Rementeria del Villar Ross dantza eskolako arduradunak. Diotenez, hori da desfilearen indarguneetako bat, “ikusleak Gernikako moda jantziko duten modeloekin identifikatu ahalko direlako”.
Iturbek gehitu du gernikarrei zuzendutakoa dela ekimena, eurak direlako udalerriko merkataritzaren bezerorik onenak. “Nahi duguna da jendeak desfile baten antolaketa zelakoa den ikustea, baita gernikako komertzioetako arduradunek zelan lan egiten duten ikustea ere. Gura dugu jendeak ikustea udalerrian zelako dendak dauden, zelako kalitatea dagoen, eta zelako zerbitzua eskaintzen dugun”, onartu du.
Gernikako Merkatari Elkartuakeko denda bakoitzak lau modelo izango ditu bere produktuak ikusarazteko. Horien inplikazioa eskertzeko, 25 euroko bonua jasoko dute, parte hartzen duten dendetan kontsumitzeko udazkean.
Aitortu dutenez, ez da ohiko desfile bat izango, “muntaia eta formazio originalek” jantziko dutelako eta mugimendu artistikoek ikusgarritasuna eskainiko diotelako. “32 dendatako udazken neguko modak, DJ Bonsi ezagunaren musika proposamenak, Ross Dantza Eskolaren eszenaratzeak eta ekoizpenak, eta publikoaren enpatiak aire zabaleko lehen desfilea distiraraziko dute”, esan dute antolatzaileek. Ainhoa Etxebarria aktore eta kazetari ondarrutarra eta Mitxel Santamaria arduratuko dira desfilea zuzentzeaz.
Desfilea zuzenean ikusi ezin duenak, elkarteko instagramean zein sare sozialetan izango du desfilea bideoan ikusteko aukera, baita argazkiak ikustekoa ere.