"Arrakasta borobila" izan da aurtengo Laga Classic
Ehun surflari inguru aritu dira zapatuan [irailak 23], Lagako surf txapelketan. Antolatzaileek egitasmoaren "balorazio positiboa" egin dute.
Ibarrangeluko Laga hondartza inguruko surflarien habitat bihurtu zen iragan zapatuan [irailak 23]. Laga Classic surf txapelketa egin zuten, egun osoan zehar. Osotara, ia ehun parte hartzaile aritu ziren lehian, adin eta kategoria desberdinetan banaturik. Antolatzaileek 34. ekitaldiaren “irakurketa bikaina” egin dute, guztia “prestatu bezalaxe” atera zela azalduz. Hori bai, azken ordura arte lehiaketa domekara aldatzekotan egon ziren, eguraldia tarteko. “Euria iragarrita zegoenez, azken orduan hartu genuen datari eusteko erabakia; azkenean, zorionez, eguraldiak errespetatu egin zuen eta, gainera, itsasoan olatu paregabeak egon ziren”.
Surferako itsas baldintza apartak egon arren, aurtengo surflari kopuru handiak ez du ahalbidetu antolakuntzak prestatuta zeukan sorpresa egitea: “Modalitate desberdinetako taldeak sortzeko asmoa genuen, parte hartzaileek taldelanean eta erreleboka lehiatu ahal izateko, baina ezin izan genuen guztia tandetan finkatu eta, azkenean, ohiko formatuari eutsi genion. Edozelan ere, ideia hurrengo urterako gordeko dugu”.
Olatu artean ez ezik, itsasertzean ere dena “ederto” atera zitzaien: “Paella eta txokolate janak egin genituen, eta ederto joan ziren; sari banaketa eta zozketa ere berdintsu. Oro har, ezin gara kexatu, askok orain arteko ekitaldirik politena izan dela adierazi baitigute”. Hurrengo urteko 35. ekitaldiari begira, lehiaketak barnebiltzen dituen alderdi guztiak “apur bat artezago lotuta edukitzea” bilatuko dute.