Anbulategira heltzeko arrapala mekanikoa jartzearen bideragarritasuna aztertuko du udalak
Gernika-Lumoko Udalak arrapala mekaniko bat jarri gura du San Juan kaleko aldapan, herritarrei osasun zentrorako sarbidea errazteko, eta dagoeneko esleitu du instalazioaren bideragarritasun azternala.
Gernika-Lumoko Udalak arrapala mekaniko bat jarri gura du San Juan kaleko aldapan, herritarrei osasun zentrorako sarbidea errazteko asmoz, eta sistema hori instalatzeko bideragarritasun proiektu bat eskatu du. Dagoeneko esleitu du instalazioaren bideragarritasuna ikertuko duen azternala, eta aurreproiektuaren idazketa bi hilabete barru prest egotea aurreikusi du udalak.
Arrapala mekanikoa instalatzeko planak 916.700 euro inguruko aurrekontua izango du, eta udalerriko irisgarritasuna hobetzen lagundu gura du. Hain zuzen ere, plataforma mekanikoak Artekale eta Allende Salazar kaleen arteko bidea erraztuko du, udal ordezkarien berbetan. Izan ere, diotenez, %10eko desnibela dauka aldapak: “Arrapala mekanikoak anbulatorioko erabiltzaile eta paziente zaharrenei iriste erraztasuna hobetuko die, batez ere mugitzeko eta arnasteko arazoak dituztenei”.
Bi tarte berezi.
Arrapala mekanikoak bi tarte izango dituela diote udal arduradunek: lehenengoa, Artekale kaletik Iñigo Lopez de Haro kalerainokoa, eta, bigarrena, kale horretatik osasun zentrorainokoa. Lehenengo tarteak 25 metroko luzera eta hiru metroko kota izango ditu, ta bigarrenak, berriz, 56 metrokoa; kota diferentzia, bigarren kasu horretan, handiagoa izango da: 5,4 metrokoa.