Udalbiltzako lehendakariordea da Begoña Enbeita Muxikako alkatea
Udalbiltzaren ezohiko Kontseilu Nagusian Batzorde Eragile berria osatu dute. Jakinarazi dutenez, "gogoeta-fase batean" sartuko dira, aro berri bati ekiteko intentzioarekin.
Udalbiltzako kideak ezohiko Kontseilu Nagusian batu ziren barikuan [irailak 22], Usurbilen, eta Batzorde Eragile berria eratu zuten. Jabi Asurmendiren lekukoa hartuta, Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izendatu zuten lehendakari eta Begoña Enbeita Maguregi Muxikako alkatea lehendakariorde.
Aipatutakoekin batera, honako hautetsi hauek dira batzordeko gainontzeko kideak: Andoni Lariz Bustindui Ziortza Bolibarko alkatea, Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea), Garazi Urdampilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia), Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranatzeko zinegotzia).
Aro berrirako aldaketak. Batzordea Eragilea osatzeagaz batera, Udabiltzaren ibilbideari buruzko gogoeta egin zuten, eta barikuan esan zutenez, “gogoeta-fase batean” sartuko dira, aro berri bati ekiteko intentzioarekin, eta aldaketak izango direla iragarri zuten.
Alberdik “ilusioz” hartu du kargua, eta “datorrenari eusteko gogoz dagoela” nabarmendu zuen.
Jakinarazi dutenaren arabera, Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren funtzioak, “gaur egungo beharrei egokitzeko asmoz”, eta datorren urtearen hasieran “ikusi ahalko dira eztabaida horren fruituak”.