Mugikortasun osasuntsuaren alde
Autorik Gabeko Nazioarteko Egunagaz bat egin du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak, eta ehunka lagunek bat egin dute prestatutako ekintzekin. 400 lagun inguru batu ziren martxa txikian, eta "inoiz baino ume gehiago" bertaratu ziren ginkanara.
Autorik Gabeko Nazioarteko Egunagaz bat egin du Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak, eta garraiobide osasuntsuaren erabilera sustatu du. Hala, kotxea etxean uzteko eta bizikleta moduko garraiobide jasangarri batzuengatik apustua egin du, beste behin. Ehunka lagunek bat egin dute Aixerrotapek antolatutako ekintzekin, eta Lumoko Kronoigoera bertan behera utzi behar izan zuten arren, “pozik” daude beste ekintzek izandako erantzunarekin.
Barikuan, Lur Uribarrenen Nepaleko bizipenei buruzko hitzaldiagaz hasi zuten Bizikleta Astea, eta Seber Altueko eta Gernikako Institutuko 200 ikasle inguru bertaratu ziren saiora. Trekkingak gidatzen ditu Elantxobeko alpinistak, eta Nepaleko Makalu bailarako hainbat gizarte proiektutan buru-belarri ari da lanean. Horiei buruzko saioa eskaini zuen, eta “polita bezain berezia” izan zela diote antolatzaileek.
Gero, zapatu goizean, lagunarteko bizikleta irteera egin zuten. Plentziaraino joan ziren 20 lagun inguru, eta gero, hamaiketakoaz gozatu zuten.
Asteko ekintzarik jendetsuenak domekakoak ziren: ginkana eta martxa txikia. “Inoiz baino ume gehiago” bertaratu ziren ginkanara, eta, antolatzaileen berbetan, 400 lagunen topaleku izan zen martxa txikia. “Herriko kaleetan hainbat buelta eman genituen, txikienei erakusteko bizikletan mugitzerik badagoela udalerrian”, adierazi dute. Izan ere, txikitatik kontzientziak piztu gura dituzte, “ingurumena zaintzeko eta Gernika-Lumon bizikletan mugitu daitekeela erakusteko”.
Martxa txikian jasangarritasuna babesteaz gain, Gurutze Gorriari emateko janari bilketa solidarioa egin zuten, eta janari gehiago batzea espero zuten arren, egindako ekarpenak eskertu dituzte: “Gehiago jasotzea espero genuen, baina euren ekarpena egin dutenei esker ona adierazi gura diegu. Aixerrotapek ere ekarpena egin zuen”.
“Triste”.
Bizikleta Astean gauzatu dituzten ekintzek erantzun ona izan duten arren, elkartekoak “triste” daude V. Lumoko kronoigoera bertan behera utzi behar izan zutelako. Lehiaketa ez antolatzea erabaki zuten joan den astean, jende gutxik izena eman zuelako, eta hurrengo urtean jendearen erantzuna hobea izatea espero dute. “Lan asko dago kronoigoeraren aurretik egiteko, eta aurrez izena ematea beharrezkoa da guretzako. Triste gaude erabaki hori hartu behar izan genuelako, baina, bestela, asteburuak eman duenagaz pozik gaude”.