1983ko uholdeak gogoan
Matxinada elkartekoek 140 argazki bildu eta Altamirako Matxinada txokoan ikusgai jarri dituzte, zapatura bitartean. Batez ere, Altamira eta San Kristobal auzoetako argazkiak lortu dituzte.
Askok ahaztu ezin duten eguna da 1983ko abuztuaren 26a, uholdeak gertatu ziren Euskal Herrian. Kalte izugarriak izan ziren, eta Busturian uholdeek utzitakoa gogora ekarri gura izan dute Matxinada Elkartekoek, 40 urte igaro ondoren.
Txoko gastronomiko bat baino gehiago izan gura dutela dio Ismael Bilbao Matxinada elkarteko kideak: “Zuzendaritza taldean erabaki dugu hiru hilabeterik behin edo, kultur edo kirol ekimen txikiak antolatzea. Badakigu gauza handirik ezingo ditugula egin, baina gauza txikiak egin ditzakegu”. Hala, duela 40 urteko uholdeen argazki erakusketagaz hastea erabaki dute.
Zapatura [irailak 30] bitartean, hortaz, argazki erakusketa ikusgai edukiko dute elkarteak Altamira auzoan daukan Matxinada Txokoan (Altamira, 46). Astegunetan, barikua izan ezik, 19:00etatik 21:00etara egongo dira, eta zapatuan, 12:00etatik 14:00etara. Atzo [irailak 25] zabaldu zituzten txokoaren ateak, eta dagoeneko bisita batzuk izan dituztela azaldu dute: “Errealistak gara, eta badakigu 100 pertsona ez direla etorriko. Baina, gutxienez, gu gauzak antolatzen hasiko gara, espero dugu interesekoak izatea”.
Herritarrengandik jasota. 140 argazki inguru bildu dituzte, eta, batez ere, Altamira eta San Kristobal auzoetako argazkiak lortu dituzte. “Gaur egun mundu guztiak egiten ditu argazkiak telefono mugikorragaz, duela 40 urte, baina, ez zen jendea argazkiak ateratzen ibiltzen. Egun horretan, gainera, jendea beste gauza batera zegoen; laguntzen edo alde egiten”, dio Bilbaok. Ahoz aho, herrian eta herritarren artean galdetzen lortu dituzte erakusketan ikusgai jarri dituzten argazkiak. Egun Bilbon bizi, baina garai hartan Busturian bizi ziren batzuen argazkiak ere lortu dituztela dio.
Kalterik handienak San Kristobal auzoan izan zirela gogora ekarri dute: “Beste hainbat kalteren artean, zubia apurtu egin zen eta militarrak etorri ziren konpontzera. Argazki erakusketa honetan agertzen dira militarrak San Kristobalen lanean”.
Karlos Garaikoetxea lehendakari ohia ere agertzen da zenbait argazkitan, “Busturiko kalteak ikustera etorri baitzen”.