196 mendizale elkartu ditu Forutik Forura martxak
Antolatzaileek martxaren balorazio positiboa egin dute, eta martxalariak ere "pozik" ikusi dituzte.
Foruko Haitz Biribil elkarteak antolatuta, hainbat eta hainbat mendizale elkartu ziren domekan [irailak 24] XIII. Forutik Forura mendi martxa egiteko. Hain zuzen ere, 196 parte hartzaile elkartu zituen martxak, eta goizeko lehen ordutik giro ederra nagusi izan zen elkartearen aurreko eremuan.
Aurrekoetan egin modura, antolatzaileek mendizale desberdinen profilera egokitutako bi ibilbide diseinatu zituzten, 10 eta 21,5 kilometrokoak, eta biek ala biek harrera “oso ona” eduki zuten; 99 mendizalek egin zuten ibilbide luzea, eta 97 izan ziren, berriz, laburrean parte hartu zutenak. Parte hartzaile gehienak eskualdekoak izaten direla diote, urtez urte martxa egiten dutenak ere badaudela aipatuta: “Bilbo inguruko parte hartzaile batzuk izaten ditugu urtero, hamahiru martxatan egon direnak.
Ibilbide luzean tarte berri bat egitea aurreikusten zuten aurten; Haitz Biribil tontorrera igo ondoren, Muruetaraino joatea zen asmoa, tontorrez tontor. Hala ere, ez zutela egin azaldu dute antolatzaileek: “Aurreko egunetako eguraldi txarragatik, lokatzez beteta zegoen eta arriskutsu zegoen. Mendizaleen segurtasunagatik, hortaz, ez egitea erabaki genuen, ea datorren urtean egitea posible den. Antolatzaileek buruan daukagun gauza bat da hori”. Pentsatuta zeukaten tarte berri hori ez, baina lauzpabost kilometroko beste tarte berri batetik egin zuten ibilbide luzea, eta jendeak “gustura” egin zuela diote; “proposatu genuen alternatibari buruzko komentario onak entzun genituen, batzuentzat leku ezezaguna zen”.
Antolatzaileek martxaren balorazio positiboa egin dute, eta martxalariak ere “pozik” ikusi dituzte.: “Denentzako jan-edanak egon ziren, eta aurten berriro hasi gara parte hartzaileei kamisetak banatzen”.
Argazkiak: Pantxoa Gandarias/Haitz Biribil Elkartea