Udak berea eman du; Goitisoloren sasoi puntuak, ez
Joanes Goitisolo Otazuak, duela astebete Zumaian egin legez, garaipena lortu du Agustin Ugarteren Oroimenekoan. Getxoko proba, gainera, Euskadiko Txapelketa ere izan da.
Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarra gogoratzeko moduko duatloi eta triatloi denboraldia egiten ari da, hainbat garaipen eta egundoko maila erakutsita. Horietako azkenengoa domekan [irailak 24] poltsikoratu zuen, Getxon, Agustin Ugarteren Oroimenekoan. Proba hori, bestalde, distantzia olinpikoko Euskadiko Txapelketa izan zen eta, horrenbestez, Alusigma-Peñota etxekoak txapela ere eskuratu zuen.
Lehendabiziko trantsizioan, 1.500 metroko igeriketa saioan, “txukun” aritu zen Goitisolo, eta lasterketa buruan atera zen uretatik. Sektore gaitza izan zen, parte hartzaileek bai Nerbioi ibaian, bai itsasertzean igeri egin behar izan baitzuten. Goitisolo garaipenerako aukerei eutsiz lehorreratu zen, gainontzeko hautagaiekin batera. Txirrindularitzako trantsizioak 40 kilometroko luzera eduki zuen, erlojupeko erara; bestela esanda, galarazota zegoen aurkarien gurpilaren babesean joatea. Zati horretan egin zuen aldea gernika-lumotarrak.
Kale edo bale eginda, aurkariak atzean uztea eta bere legea ezartzea lortu zuen. Ez zitzaion inondik inora erraza suertatu: “Zenbait unetan sufrimenduaren muga pasatu nuela esango nuke; puntutxo bat harago joan nintzen, indarrak erregulatu ordez”. Esfortzuak fruitua eman zion, edozelan ere, lasterka egiteko azken trantsiziora minutu bitik gorako aldeagaz ailegatu baitzen.
Korrikaldiko lehen bi kilometroetan, lepoko arazoak eduki zituen Goitisolok, baina asmatu zuen gorputzari buelta ematen
Azken tarte horretan ere, gogotik sufritu behar izan zuen Alusigma-Peñotakoak, batez ere, bizikletako gorputz-itxuragatik: “Erlojupeko bizikletan ia-ia etzanda joan nintzen, eta korrika, aldiz, oso artez. Ondorioz, lepoko arazoak eduki nituen korrikaldiko lehen bi kilometroetan. Apurka-apurka ohitzen joan nintzen, eta aldeari ondo eutsi nion”. 1.49.23ko denbora egin zuen Goitisolok. Podiuma Gonzalo Fuentes Isasik (01.51.36) eta Kristian Quintans Dominguezek (01.52.47) osatu zuten. Emakumezkoetatik bizkorrena Maddi Marquet Ferran gipuzkoarra izan zen; 02:09:22ko denbora lortuta poltsikoratu zuen Euskadiko onenaren saria.
Goitisolo: “Urte berean txapelketa denak lortzeak gogor entrenatzen jarraitzeko motibazioa ematen dit”
Marka denak hautsita. Goitisolok aurten erakutsitako mailaren erakusle, duatloi eta triatloi denboraldi berean Euskadiko Txapelketa denak eskuratu ditu. Duatloietan, esprint distantziakoa eta distantzia olinpikokoa; triatloietan, ostera, esprint, olinpiko eta drafting-ik gabeko olinpiko mailakoak. “Harro” agertu da gernika-lumotarra: “Inork inoiz lortu ez duen zerbait da. Lorpen horrek gogor entrenatzen jarraitzeko motibazioa ematen dit”.