Nekazari eta auzolangileek Kurtzero bete dute
Energiaren eta Klimaren Asteagaz bat egin du Muxikako Udalak, eta Nekazari eta Eskulangileen Azokagaz hasi zuten atzo [irailak 24] asteko egitaraua. Bigarren Eskuko Azokagaz amaituko da urriaren 1ean.
Nekazari eta Eskulangileen Azoka egin zuten Muxikako Kurtzero auzoan, atzo [irailak 24], eta askotariko eskaintzak erakarrita jende asko batu zen bertan. Eguzkia lagun, lehenengo orduetatik eguerdiko 14:00ak arte jendetza bertaratu zen azokara.
10:00etarako prest zeuden baserriko eta eskulagintzako produktuen erakusmahaiak, eta trikitilariak arduratu ziren azokari doinua jartzeaz. Taloak egiten ere ibili ziren goizeko lehenengo ordutik, eta eguerdirako ilara luzeak sortu ziren.
12:00etan, udalerriko Basotxoritxu Dantza Taldekoek dantza ikuskizuna eskaini zuten, eta, jarraian, herri kirol erakustaldiaz gozatu ziren bertaratu zirenek. Trontzan, korrika eta txinga eroaten aritu ziren Iker Vicente era Ainize Zumeta Ugaitz Mugerza eta Lierni Osaren aurka, eta Mugerza eta Osak irabazi zuten lehia. Lehenago, baina, Mikel Lopategik harri jasotze erakusketa eskaini zuen, eta Joxe Mari Esnaolak bost metroko altueran ebaki zuen egurra.
Egitaraua.
Gaur.
17:30. Ana Apikaren Inguru minguru, naturarekin bat ipun kontakizuna, Zubieta Errotan.
Etzi, eguaztena.
17:00. Kosmetika naturalari buruzko tailerra, Maria Agirreren eskutik, Ariatzako eskolan; aurretiaz izena eman behar da, Zubieta Errotan edo 645 00 66 63 telefonora deituta.
Irailak 29, barikua.
18:00. Elssie Xalbador ipuin kontalariaren eskutik, Uraren bizitza kontakizuna, Zubieta Errota liburutegian.
Urriak 1, domeka.
10:00-14:00. Bigarren eskuko azoka, Galtzadako aparkalekuan.
Urriak 4, eguaztena.
17:00. Etxeko garbiketa naturalari buruzko tailerra, Maria Agirregaz, Ariatzako eskolan; aurretiaz izena eman behar da, Zubieta Errotan edo 645 00 66 63 telefonora deituta.