Muxika eta Gernika batzeko bidegorriaren aldeko pedalkadak
Autorik Gabeko Egunaren harira, Urretxindorra herri eskolako guraso elkarteak bizikleta irteera bat antolatu zuen zapaturako, eta 50 lagunek baino gehiagok egin zuten bat deialdiagaz.
Kurtzero eta Gernika-Lumo lotzeko bidegorria eskatu dute, beste urte batez, muxikarrek. Oinezkoentzako eta bizikletentzako “bide seguru” bat gura dute, Muxikatik Gernikarainoko tartean arriskurik barik ibili ahal izateko: “Bidegorria, bide berdea… aukerak badaude, eta aukera horiek aztertzea gura dugu, lasai ibili ahal izateko”. Autorik Gabeko Egunaren harira, Urretxindorra herri eskolako guraso elkarteak bizikleta irteera bat antolatu zuen zapaturako, eta 50 lagunek baino gehiagok egin zuten bat deialdiagaz.
Kurtzerotik Elizalderainoko bidegorria eskatzen zuten lehen, baina tarte horretako bidegorria eginda dagoenez, Muxika eta Gernika-Lumo batuko dituena aldarrikatu dute oraingoan; izan ere, 14.000 ibilgailu inguru igarotzen dira bide horretatik egunero, eta tarte “oso arriskutsua” da. Horretarako, Kurtzerotik Araneko gasolindegirainoko bidea egin zuten bizikletaz, patinetez edota oinez, bidearen noranzko bat geldituz. Ostean, jan-edana eta ginkana izan zituzten Urretxindorra eskolan.
Eskolako guraso elkartekoek diote Urdaibaiko Oinezkoentzako eta Bizikletentzako Sarea, Urdaibai oinezkoentzako bide batez lotzea aurreikusten duena, Muxikatik atera beharko litzatekeela, eta salatu dute udalerria alde batera utzita dutela. “Ez dugu mugimendurik ikusten, eta autorik gabeko egunagaz bat eginda, gure aldarrikapena plazaratu gura izan dugu”, diote arduradunek.
Gaur gaurkoz, Astelarra, Zabale, San Roman, Elizalde eta Kurtzero lotzen ditu Muxikako bidegorriak, baina udalerria zabala da, hiru herrik eta hainbat auzok osatzen dute. “Gernika-Lumogaz Kurtzeroko bidegorria batuko balitz, segurtasunean irabaziko genuke”.