Hamalau udal ikastarotan parte hartzeko aukera dago Muxikan, Gorozikan eta Ibarrurin
Eguenera arte [urriak 28] eman daiteke izena Zubieta Errotan edota 'liburutegia.muxika@bizkaia.eus' helbide elektronikora mezua bidalita.
2022-2023 ikasturtean egingo dituzten ikastaroen zerrendaren berri eman du Muxikako Udalak, eta izena emateko epea zabaldu du: irailaren 28ra arte egin daiteke hori, Zubieta Errotan edota liburutegia@muxikakoudala.eus helbide elektronikora idatzita. Urrian hasiko dira, eta hamalau ikastarotan parte hartzeko aukera egongo da; aurten, lehenengoz egingo dute kartelak diseinatzeko Canva ikastaroa.
Canva ikastaroa azaroan eskainiko dute, doan, KZgunean eta hurrengo egunetan: hilaren 6an, 8an, 13an eta 15ean, 16:30etik 18:00etara bitartean. Umeentzako pintura eta marrazketa ikastaroa ere ez da faltako: bi taldetan banatuko dituzte parte hartzaileak, adinaren arabera; 4 urtetik 7ra artekoak eta 8tik 12ra artekoak. Ikastaro hori barikuetan eskainiko dute, 16:30ean hasita txikienentzat eta 17:30ean hasita nagusiagoentzat. Eskulanak egiteko aukera ere egongo da Zubieta Errotan, urritik maiatzera bitartean, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Ingeleseko klaseak ere antolatu dituzte aurten. Urritik maiatzera bitartean arratsaldez eskainiko dituzte Zubieta Errotan; egunak eta orduak zehatzu gabe daude oraindik. 10 urtetik 14 urtera artekoentzako bertsolaritza ikastaroak eguaztenetan izango dira, 17:30etik 18:30erako ordutegian, Urretxindorra eskolan. Euskarazkoak, berriz, urritik eta ekainera izango dira martitzen eta eguenetan, 16:10etik 18:10era; ikastaroa aurrera ateratzeko gutxienez sei ikasle beharko dira.
Eta, gainera, musika eskolak ere emango dituzte nagusi zein gazteentzat. Pandero eta trikitixa klaseak barikuan eskainiko dituzte, eta gitarra elektrikoarenak, eguenean.
Joskintzan aritzeko aukera ere izango dute muxikarrek, urritik maiatzera bitartean, Zubieta Errotan.
Urritik maiatzera bitartean, ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute izena ematen dutenek: pilates goizean zein arratsaldean, zumba, yoga eta gap; denak ala denak Zubieta Errotan eskainiko dituzte.
Udalerriko nagusientzako Seitai ikastaroa prestatu dute: postura arazoak, arnasketa, zirkulazioa eta likidoen erretentzioa hobetzeko ikastaroa da, eta Ugarte, Ariatza, Ibarruri eta Gorozikako auzo batzarrak egiten dituzten lekuetan egingo dituzte, eguaztenetan eta eguenetan.
Taldeak osatzeko gutxieneko kopurua zortzi pertsonakoa izango da, eta gehiengoa 15ekoa. Zehaztu dutenez, Muxika, Gorozika eta Ibarrurin erroldatutakoek izango dute lehentasuna.