Urriko Azken Astelehenean parte hartzeko eskabideak aurkeztu daitezke
Urriko Azken Astelehenean postua jarri gura dutenek urriaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta txosna jarri gura dutenek urriaren 1era bitartean egin dezakete hori.
Gernika-Lumoko Udalaren Azoka eta Merkatuen sailak Urriko Azken Asteleheneko azokan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea zabaldu du, duela hilabete urriko lehen azokan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea ireki zuen modura. Hori horrela, Urriko Azken Astelehenean postua jarri gura dutenek urriaren 11ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta txosna jarri gura dutenek urriaren 1era bitartean egin dezakete hori.
Jakitera eman dutenez, interesa daukaten ekoizleek Bizkaiko Foru Aldundiko ustiategien erregistroan alta emanda egon beharko dute eskabidea egin ahal izateko. Bizkaikoak ez diren ekoizle eta artisauen kasuan, esparru autonomikoko erakundeetako ekoizleak eta artisauak egon ahal izango dira, baldin eta azokaren sustatzaileek euren elkartea gonbidatu badute.
Dokumentazioa.
Izena emateko orriak udalaren webgunean lor daitezke, eta eskabide orria bete ostean, udalean aurkeztu beharko da.
Erregestrioan (HAZ) aurkeztu ahalko dute interesatuek, astelehenetik barikura bitartean, 07:30etik 15:00etarako ordutegian. Eskabidea posta elektronikoz egin gura dutenentzat izapidea egoitza elektronikoz egiteko aukera ere badago, udalaren webgunean ‘Tramiteak’ deituriko atalean.