Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaia hartuko du Akordak
Mendi ibilaldia, klown ikuskizuna, bertso-rap saioa... askotariko jarduerak izango dira zapatu honetan [irailak 23]. Prozesu judizialetako gastuetara bideratuko dute batutako dirua.
Urdabaiko Guggenheimaren proiektuaren kontrako aldarikapenez bete gura dute Ibarrangeluko Akorda auzoa, zapatu honetan [irailak 23]. Mendi ibilaldiakaz hasiko dute eguna, eta eguerdirako, berriz, zenbait kultur emanaldi prestatu dituzte. Horrez gain, Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak agerraldia egingo du.
Herri mailan eragiteko sortutako plataformak jendartearen inplikazioa eskatu du behin baino gehiagotan, eta aldarrikapenagaz bat egitea eskatu ez ezik, oraingo honetan, prozesu judizialetako gastuei aurre egiteko ekarpena egiteko deia luzatu dute. Izan ere, Guggenheim Urdaibai Stop Ekojaiaren helburu nagusia ekonomikoa dela argitu dute: “Arlo judizialean sartu gara. Plataforma honek, Zain Dezagun Urdaibai elkartearen barruan egonik, alegazioak egin dizkio proiektu honi, zehazki zazpi atali. Dauzkagun abokatuek doan egiten dute lan, baina prokuradoreak ordaindu behar dira. Alegazio horiek aurrera doazen heinean, finantziazioa behar denez, horrelako gauzak egiteko asmoa egon da hainbat herritan, eta Ibarrangeluko jendeak hau antolatzea erabaki du”.
Aurkeztutako alegazioetan legeak betetzeko eskatu dute: “Orain dela bi aste aurkeztutakoa Daliaren eraisketari salaketa izan da”. Horrek “prozesu guztia pixka bat atzeratuko” duela diote: “Irailerako zen eraisketa, eta prozesua geldi dago. Bestetik, aurreko astean, kosta departamentuari eskatu zaio Muruetako ontziolaren kontzezioaren iraungitzea gauzatzeko, orain dela bost urte iraungi baitzen. Enpresak handik alde egin behar luke, eta inguru guztia 1943an enpresa heldu aurretik zegoen moduan utzi. 75 urte pasatu dira, eta garbitu dezala ingurua, kutsatutako eremua, eta alde egin dezala handik. Legea betetzeko eskatu dugu”.
Guggenheim Urdaibai Stop herri plataforma: “Argi gelditu da proiektu hau Guggenheim Museoaren beharra dela; ez da eskualdeak Guggenheim behar duela. Eskualdeak behar duena inbertsio serio bat da, ez turismoan oinarritutako inbertsioa”
Proiektua “gelditu egin behar dela” helarazi gura diete herritarrei: “Eta proiektu hau gelditzeko eta mahai gainean jartzeko guztion laguntza behar da, eta hausnarketa bat egin behar da, eskualdeak benetan zer behar duen hausnartu behar da. Argi gelditu da proiektu hau, Bidarten hitzetan, bai orain dela astebete El Correon eman zuen elkarrizketan, bai astelehenean Radio Euskadin emandakoan hau Guggenheim Museoaren beharra dela. Eurek daukate hedatzeko beharra, ez da eskualdeak Guggenheim behar duela”. Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformakoen berbetan, eskualdeak behar duena “inbertsio serio bat da, ez turismoan oinarritutako inbertsioa”.
Sinadura bilketa eta manifestazioa. Udaberrian hasitako sinadura bilketagaz segitzen dute, eta gaur gaurkoz, 9.500 sinadura inguru batu dituzte. Zapatuan Akordan ere sinatzeko aukera egongo dela jakinarazi dute: “Digitala izaterakoan, jende nagusiarengana hurbiltzea zailagoa da; horregatik ipintzen dugu informazioa mahaitxoa. Bertara etortzen dira eta guk laguntzen diegu sinatzen, eta horrekin batera, informazioa eman eta jendearen galderak argitzen ditugu. Prozesu hau martxan dagoen bitartean, sinadura bilketak ere jarraitu beharko du, eta baita hitzaldiek ere”. Adibidez, datorren astelehenean, Asteklimaren barruan, Bermeoko Udalarekin antolatuta hitzaldia emango dute, martitzenean Durangon egongo dira, urriaren 5ean Lemoan… “Ikusten dugu gero eta jende gehiagok kuriositatea daukala, eta eurek deitzen gaituzte, ez guk eurei, orduan, zeozer aldatu da”.
Bestalde, iragarri dute urriaren amaierarako manifestazio nazionala deituko dutela Gernika-Lumon.
Egitaraua:
- 09:30. Ibilbide luzea (6,34 km): Ibarrangeluko frontoia-Iruskieta-Garteiz-Atxarre-Akorda
- 10:30. Ibilbide laburra (3,9 km): Akorda-Atxarre-Akorda
- 12:00. Txistulariak, Silvia Estarreadoren Txikitina klown ikuskizuna, Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformaren mitina, Janire Arrizabalaga eta Koldo Muñiz bertsolariak eta materialaren zozketa.
- 14:00. Musika kontzertua: bertso-rap, Peio Sin Masen eskutik (Durango)
- Oharra: Txosna zabalik egongo da goizetik, edariekin eta txistorra pintxo eta bokatekin.