San Migel Jaiak ate joka daude Ereñon
Denetariko jarduerez osatutako egitaraua edukiko dute herritarrek, irailaren 23a eta urriaren 1a bitartean.
Ereñotarrak jai giroan murgiltzeko prest daude. Datorren zapatua [irailak 23] eta urriaren 1a bitartean, San Migel Jaiak ospatuko dituzte, herritar guztiei zuzendutako egitarau oparoagaz. Zapatu goizean ekingo diote jaiari, paella txapelketagaz. Herriko plazan elkartuko dira kuadrilla nahiz lagunarteak, paellarik onena zeinek egin lehiatzeko. Edozelan ere, paellena ez da eguneko lehiaketa bakarra izango; izan ere, Ubide upategiak babestuta, hamaiketakorik onena ere sarituko dute. Bazkalorduagaz ailegatuko da irabazlea zein den zehazteko une gorena. 14:15ak eta 14:30ak artean plazaratuko dute epaileek beren erabakia. Bazkaritan bildu ostean, Xaibor izango da arratsaldea musikaz girotzeko ardura edukiko duena; 18:00etan hasiko da bere emanaldia.
Herri bazkarirako izen emateko epea zabalik dago hurrengo astera arte, eta herriko tabernan egin beharko da
Irailaren 29an, San Migel egunez, meza egingo dute eta, ondoren, pintxo dastaketaz gozatzeko aukera egongo da plazan. Horrez gain, makailaua dastatu ahalko dute herritarrek, 20:30ean. Biharamunean, San Migel Bigarrena eguna egingo dute. Herritarrak talde bazkarian elkartuko dira 14:30ean. Udaletik aditzera eman dutenaren arabera, herri bazkarirako izena emateko aukera dago oraindik, hurrengo astera arte; horretarako, herriko tabernara jo behar dela azaldu dute. 16:30ean, umeentzako jolasak eta puzgarriak egongo dira plazan, etxeko gaztetxoenak ere jaietako partaide egin asmoz. Azken urteotan egin duten legez, atxur-urkulie jaurtiketa txapelketa ere egingo dute aurten; herritarren arteko norgehiagoka horren seigarren aldia izango da. Jarraian, ugaziyo lehiaketaren txanda izango da.
21:00etan, herriko plaza dezibelek hartuko dute. Denetariko musika eskaintza osatu dute antolatzaileek, aurtengo jaietarako. Taularatzen lehenengoak Zuriketan Beltz taldekoak izango dira; haien ostean hartuko dute oholtza Penny Fleck eta The Riff Truckers gernika-lumotarrek. Azken horiek, gainera, Mustang izeneko euren lan berria aurkeztuko dute Ereñon. DJ Welderrek borobilduko du gaualdia.
Urriaren 1ean Ereñozarrera 38. Igoera egingo dute
Urriaren 1ari Errepikapen eguna izena ipini diote. Egun horretako gailurra, hain zuzen ere, Ereñozarrera 38. Igoera izango da. Igoera hori, gainera, Igoera Herrikoien Ligarako baliagarria izango da. Hainbat sari banatuko dituzte: gizonezkoen zein emakumezkoen sailkapenetako garaileek 100 euro eta txapela jasoko dituzte; bigarren sailkatuek, aldiz, 70 euro; hirugarren sailkatzen direnek, 50 euro. Horrez gain, herriko lehen sailkatua ere 20 euroko dirusariagaz omenduko dute. Lasterketarako izen ematea, bestalde, egunean bertan egin beharko da eta doakoa izango da. Umeentzako jolasek eta txokolate janak emango die agurra Ereñoko sanmigelei.
EGITARAUA
Irailak 23, zapatua.
Goizean. Paella Txapelketa.
14:15-14:30. Paellen aurkezpena.
18:00. Xaiborren emanaldia.
Irailak 29, San Migel eguna.
12:00. Meza santua elizan.
Ondoren. Pintxo dastaketa.
20:30. Makailau dastaketa.
Irailak 30, San Migel bigarrena.
12:00. Meza santua baselizan.
14:30. Herri bazkaria.
16:30. Umeentzako puzgarriak.
18:00. Ereñoko VI. Atxur-Urkulie jaurtiketa.
Ondoren. Ugaziyo lehiaketa.
21:00. Kontzertuak.
Urriak 1, Errepikapena.
12:00. Meza santua baselizan.
13:00. Ereñozarrera 38. Igoera.
17:00. Umeentzako jolasak eta txokolate jana.