Ia 100 surflari ariko dira Laga Classicen
Zapatuan [irailak 23] lehiatuko dute, Lagan. Antolatzaileek taldekako errelebo sistema aplikatu gura dute aurten, estreinakoz.
Ibarrangeluko Laga hondartzak Laga Classic surf txapelketa hartuko du datorren zapatuan [irailak 23]. Egun osoko egitaraua prestatu dute surfaz, hondartzaz eta itsasoaz gozatzeko, eta surflariek bikain erantzun diote antolatzaileen gonbitari: 90 lagunek izena eman dute.
Antolakuntzatik azaldu dute surfaren “hainbat modalitate” jorratuko dituztela txapelketan. Adin aldetik inongo mugarik ezartzen ez duten arren, aurten “gaztetxoenei” zuzenduko diete lehiaketa: “18 urtetik eta, batez ere, 15etik beherako hainbat eta hainbat parte hartzailek izena eman dute; hori oso pozgarria da, surfa belaunaldirik gazteenen artean bizirik dagoela frogatzen baitu”. Gizonezkoen nahiz emakumezkoen open surfa, tabloiak eta bodyboard-a egingo dituzte. Gainera, aurreratu dute 18, 14 eta 10 urtetik beherakoen sailkapenak egongo direla.
Elkar harremantzea, jomuga. Azken urteotan, manga sistemadun egitura eduki du lehiaketak, hau da, surflariak tandaz tanda lehian aurrera egiten joan izan dira. Aurten, baina, taldekako bideari ekitea dute buruan: “Adin, sexu eta diziplina desberdinetako jendea talde desberdinetan biltzea daukagu buruan. Talde bakoitzeko kideek erreleboka hartuko lituzkete olatuak, taldelanean, proba desberdinak eginez. Horregaz, txapelketa dibertigarriagoa, presio gutxiagokoa, ez hain indibidualista eta kooperatiboagoa izatea bilatuko dugu”. Garaileek txapelketako oroigarria jasoko dutela ere aurreratu dute.
Edozelan ere, lehiaren gainetik, parte hartzaileek elkar ezagutzea, harremantzea eta ondo pasatzea bilatuko dutela adierazi dute: “Ez dago Lagako hondartza baino toki hoberik jende berria ezagutzeko eta surfaz gozatzeko. Eguraldia eta itsasoaren egoera lagun baldin baditugu, egun oso ederra izango da”.