Euleuk Jaia, senegaldar kultura zabaltzeko hitzordua
Euleuk elkarteak Euleuk Jaia antolatu du zapaturako [irailak 23], inguruan bizi diren senegaldarrei elkartzeko eta euren kultura ezagutarazteko aukera eskaini gura dietelako.
Elkartasuna da Euleuk elkartearen ezaugarri nagusia, Senegalgo Warang herrira laguntza eramatea helburu duelako. Bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzea da elkartekideen asmoa, eta hezkuntza eta osasun arloetan lan egiten ari dira egun. Hala, Euleuk jaia prestatu dute zapaturako [irailak 23], eta denetariko jarduerek beteko dute Astra, 10:00etatik 17:30era bitarteko ordutegian.
Helburu zehatz bat baino gehiagogaz prestatu dute eguna. Alde batetik, elkartearen berri eman gura diote jendeari, eta, bestetik, inguruan bizi diren senegaldarrei elkartzeko eta beraien kultura ezagutarazteko aukera eskaini gura diete. Horrez gain, elkarteagaz boluntario modura azken urteetan Senegalera joandakoak elkartzeko eta euren bizipenak trukatzeko jaia ere izango da.
Jaitik lortzen dituzten irabaziak elkarteak Senegalen dituen proiektuetara bideratuko dituzte, eta, zehaztu dutenez, momentu honetan umeekin eta emakumeekin ari dira lanean: “Batez ere osasuna eta hezkuntza arloetan ari gara lanean”.
Handik Euskal Herrira etorritakoen eta Euskal Herritik Senegalera joandako boluntarioen esperientziak ezagutuko dituzte jaira bertaratzen direnek. Tamsir Ndoyek bere bizipena kontatuko du, eta boluntarioek euren esperientzia. “Bizipen hauen bidez ikusarazi nahi dugu ez daudela baldintza berdinak handik hona etorri nahi dutenentzat eta hemendik hara joan nahi dutenentzat. Zortea dugu jaio garen tokian jaiotzeagatik”, adierazi dute Euleukeko kideek.
Eva Martin Orive poetagileak, gainera, Aviones de evano liburua aurkeztuko du. “Bertso poema txiki batzuei esker Senegalgo txoko sakonetara bidaiatuko dugu”, zehaztu dute.
Bizipenak elkartrukatu ostean, senegaldar bazkariaren usainak hartuko du Astra. “Bermeon bizi diren senegaldar emakume batzuek Senegaleko bazkaria prestatuko dute. Bazkariaz gain, bissap eta bui edariak ere dastatzeko aukera egongo da, eta zelan ez, Senegaleko tea”, azaldu dute. Momentuz, 70 pertsonak izena eman dute, baina zapatuan ere izena eman daitekeela adierazi dute antolatzaileek.
Bazkariaren ostean, senegaldar borrokaren erakusketa ere egongo da, eta, musika eta dantzak ere ez dira faltako.
Ekintzez gain, 200 argazki baino gehiagok beteko dute Astra. Izan ere, Aitor Arberas boluntarioak ateratako argazki erakusketa jarriko dute bertan, eta, argazkien bidez, Senegaleko bizitza, kultura, paisaiak, pertsonak, koloreak eta abar ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
Goizean zehar, gainera, umeentzako jolasak egongo dira, Ross dantza eskolakoen eskutik.