Santa Kurtze berezi eta biziak ospatu dituzte Ariatzan eta Bizkaiganen
Ardi Txakur Txapelketa lehiatu eta berreskuratu dituzten buruhandiak jendaurrean erakutsi zituzten Errigoitin. Ariatzan, euskal mitologiako pertsonaiez jantzita agurtu zituzten festak.
Udako azken egunak jai giroz bete dituzte santakurtze jaiek. Ariatzako eta Bizkaiganeko bizilagunek alaitasunez jantzi zituzten inguruko txokoak, eta elkarregaz jai giroan igaro zuten asteburua.
Domekan, mezan batu ziren errigoitiarrak, eta ostean, Bizkaiganeko ermita inguruan egindako bertso saioak girotu zuen eguerdia. Gero, ez dagoenez Bizkaigane Egunik Ardi Txakur Txapelketa barik, hitzorduari aurre egin zioten.
Amaia Ondartza (Suma txakurragaz), Azkorbebeitia (Lutxi txakurragaz), Karlos Ardanza (Mendi txakurragaz) eta Txiplas (Artza txakurragaz) aritu ziren zein baino zein gehiago, eta Ardantza eta Mendi nagusitu ziren, iazko modura.
Gainera, aurten, Errigoitiko buruhandiak berreskuratu dituzte, eta horiek jendaurrean ezagutarazi zituzten domekan.
Maiatzaren 3an Kurutze Santua topatu izana gogoratzen da, eta haren gorapena irailaren 14an. Artzainekin estu lotutako ospakizuna da, maiatzean ardiak mendira igotzen direlako eta irailean baserrira bueltatzen direlako.
Tradizioz betetako jaiak Ariatzan ere ospatu zituzten, eta eguazten iluntzean hasitako festek asteburuan jarraipena izan zuten. Bariku iluntzean musikaren txanda izan zen: Txoriburu Produktions eta Gorriontxu eta Laztana izan ziren ingurua musikaz betetzearen arduradunak.. Zapatuan pintxopotean eta herri bazkarian elkartu ziren bizilagunak, eta paella usaina hartu zuen inguruak. Ostean, erromeria egon zen denon gozagarri.
Domekan, Ariatzako bizilagunek, tradizioari jarraituz agurtu zituzten auzoko festak. Saragiaren hiletan elkartu ziren, eta, euskal mitologiako pertsonaiez jantzita datorren urtera arte esan zieten santakurtzee.