Nabarniz Jatetxea, etxean garaile
Nabarnizko 53. Zaldi Proba txapelketa lehiatu dute asteburuan, eta onena izan da Nabarniz Jatetxea. Kinttopekoen lehian, Urdulizko Olea nagusitu da.
Nabarnizek 53. Zaldi Proba txapelketa hartu du asteburuan. Zapatutik astelehenera bitartean, maila handiko lehiaketa izan dute probalekuan. Zazpi lehiakidek parte hartu zuten zaldi proba txapelketan, eta Nabarniz Jatetxea nagusitu zen. Kinttopekoetan, berriz, hiru aritu ziren, eta Urdulizko Oleak irabazi zuen.
Nabarniz Jatetxeak, azken bi urteetako garaileak, bere nagusitasuna berretsi du aurtengo 53. Zaldi Proba txapelketan, eta, 51 untza lortuta, garaipen sendoa lortu zuen. Etxean izan zuen lehiakidea, izan ere, bigarren postuan geratu zen Etxebarria nabarniztarra, 49 eta 1/2 untza lortuta. Gamizko Construcciones Torrontegi geratu zen hirugarren, 48 untza lortuta.
Horien ostean, ondorengoak sailkatu ziren: Bermeoko Rafa Alegria (44 untza), Guriezoko Fermin Santamaria (43 untza), Berriatuko Belaustegi (33 untza eta 3/4) eta Laudioko Lopez (25 untza).
Barikuan, berriz, Kinttopekoak lehiatu zituzten Urdulizko Oleak, Berriatuko Belaustegik eta Mungiko Garcia alabak. Hiruretan onena izan zen Olea, 38 untzagaz, eta ostean, Belaustegik lortu zituen 36 untza eta 1/2. Garcia alabak, berriz, 29 untza lortu zituen.