Araskiren kontra, garaile; IDK Euskotrenen aurka, ezin
Lointek Gernika Bizkaiak, Araskik eta IDK Euskotrenek Euskal Kopa lehiatu dute asteburuan, eta gipuzkoarrek irabazi dute txapelketa. IDK Euskotrenek Lointek Gernika Bizkaia eta IDK garaitu ditu jokatutako bi partiduetan. Talde gernikarreko jokalariek, aldiz, Araskiren aurka irabazi eta IDK Euskotrenen aurka galdu egin dute.
Euskal Kopa lehiatu dute asteburuan Lointek Gernika Bizkaiak, Araskik eta IDK Euskotrenek, eta azken talde horrek irabazi du txapelketa bigarren urtez jarraian; Lointek Gernika Bizkaia eta IDK garaitu ditu jokatutako bi partiduetan. Talde gernikarreko jokalariek, aldiz, 66-55 irabazi zuten Araskiren aurkako lehenengo norgehiagoka, baina ezin izan zuten IDK Euskotren garaitu: 57-69 galdu zuten atzo.
Atzoko neurketa finala izan zen bi taldeentzat. Biek irabazi zuten gasteiztarren aurkako lehia, eta euren artekoan erabakiko aurtengo txapelduna. Talde gernikarrekoak saiatu ziren nagusitzen, baina ezin izan zuten Erin Whalen gelditu; 31 puntu eskuratu zituen talde gipuzkoarreko jokalariak.
Berdinduta hasi zen neurketa, eta saskiratze bakoitza lortzeko lan handia egin behar izan zuten talde batekoek zein bestekoek. Crystal Bradford lehenengoz kantxaratu zen talde gernikarreko jokalari modura, eta lehen minututik bere jokoa erakutsi zuen. Hala ere, ondo erantzun zuten gipuzkoarrek, eta 18-19ko markagailuagaz amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatia, berriz, bestelakoa izan zen. Gipuzkoarrak nagusitu ziren, erasoan asmatu eta defentsan sendo mantendu zirelako, eta hamasei puntuko errenta lortu zuten zenbait momentutan. Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek ez zuten asmatzea lortu eta arintasuna falta zitzaien. Hamalau puntu atzetik joan ziren atsedenaldira: 26-40.
Euskal Kopako lehen partida Araskiren aurkakoa izan zen, eta emozioak pil-pilean zeuden. Euskal derbiak beti dira bereziak, eta urduritasun hori nabaritu zen kantxan. Zalantzekin hasi zuten partidua Lointekekoek, baina hasierako minutuetan aurrea hartzea lortu zuten. 19-9koa zen lehen zatiko azken markagailua, eta 34-24 bigarrenekoa. Sendo defendatuz eta eraso arinak bilatuz mantendu zuten hasieran lortutako errenta atsedenaldira arte eroatea. Hala ere, errebotea hobeto babestuz gero, handiagoa izan zitekeen errenta.