Ohiko herri bazkaria, Santa Kurtze egunez

Santa Kurtze eguna da gaur, eta bazkari herrikoiagaz ospatu dute santuaren eguna Ariatzan. 40 herritar inguru batu dira Atxelipe txokoan, eta domekara bitartean etenik izango ez duten jaiez gozatzeko prest agertu dira muxikarrak.
Atzo hasi zituzten jaiak, eta lehenengoz emakume bat izan zen pregoilaria: Maribi Galarza. Bera da Atxelipe Elkarteko presidentea, eta bera izan zen jaiak hastearen arduraduna. Ostean, tradizioari eutsiz, makailao jana eta porra txapelketa izan zituzten aukeran.
Bihar, meza eta pintxoak izango dituzte goizean, eta bertso saioez zein Txoriburu Produktions eta Dj Gorriontxu eta Laztanaren musikaz gozatuko dute gauean.
Zapatuan, herriko kuadrilen arteko paella txapelketan elkartuko dira, eta domekan dantzez eta Saragiaren hiletaz gozatuko dute.

















