Lucas Fernandez, Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile berria
Anna Montañanaren testigua hartuko du 2023/2024 denboraldian. Lointekek, gainera, aurtengo denboraldirako lantalde osoa aurkeztu du.
Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzailea izango da 2023/2024 denboraldian. Azken denboraldian, Anna Montañana valentziarra aritu da taldea gidatzen, denboraldi amaierara arte; orain, Fernandezek beteko du postu hori. Mario Lopez gernika-lumotarra klubeko kirol arduraduna izango da.
Cuidad Realgoak bikain ezagutzen du Malosteko lantaldea. Izan ere, entrenatzaile laguntzaile karguan ibili izan da lau denboralditan; Gernikan behar egiteaz gain, Zamaraten eta Jairisen ere egondakoa da Fernandez. Jadanik bere postu berrian lanean hasita dago, gainera; izan ere, Gernikak aurredenboraldian jokatu dituen lagunarteko hiru norgehiagoketetan, Mont de Marsanen eta Zaragozan, entrenatzaile ibili da. Bere hurrengo erronka datorren asteburuan edukiko dute bai taldeak, bai Fernandezek: Durangon jokatuko dute Euskal Kopa. Zapatuan, Kutxabank Araskiren kontra jokatuko dute; domekan, IDK Euskotrenen aurka.
Lucas Fernandez: “Gernika-Lumon etxean modura sentitzen naiz, eta uste dut erronka oso ederra izango dela taldearen ardura hartzea”
Taldeko entrenatzaile berria “oso eskertuta” agertu da: “Hala Mario Lopezek, nola klubak berriro ipini dute konfiantza nigan, proiektu berri honetara batzeko. Gernika-Lumon etxean modura sentitzen naiz, eta uste dut erronka oso ederra izango dela taldearen ardura hartzea eta, horregaz, klubak nigan jarritako konfiantza guztia itzultzea. Ilusio eta erantzukizun handia dut”.
2023/2024 DENBORALDIRAKO LANTALDEA
- Entrenatzailea: Lucas Fernandez
- Laguntzaileak: Gaizka Barea eta Julen Gomez
- Delegatua: Merce Fernandez
- Prestatzaile fisikoa: Javi Oleaga
- Medikua: Gotzon Lauzirika
- Fisioterapeutak: Iñaki Rafael eta Madalen Cassinelli