Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa jokatuko du asteburuan
Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa lehiatuko du, zapatuan eta domekan, Durangon. Zapatuan [irailak 16], gernika-lumotarrek Kutxabank Araskiren kontra jokatuko dute, 12:00etatik aurrera; domekan, ostera, IDK Euskotrenen aurka, ordu berean.
Malosteko taldeak hurrengo zapatuan [irailak 23] ipiniko du abian 2023/2024ko Emakumezkoen Endesa Liga; etxean jokatuko dute, Duran Maquinaria Ensinoren kontra. Hori baino lehen, aurredenboraldiko zitarik esanguratsuenetako bati helduko diote: Euskal Kopari. Lehendabiziko aurkariaren, Araskiren, kontra orain dela gutxi jokatu zuen Lointekek. Hain zuzen ere, Mont de Marsanen elkarren kontra lehiatu zuten duela astebete; partidu gogorraren ondoren, Gernika-Lumoko taldea 75-74ko markagailuagaz nagusitu zen. Euskal Kopa liga erregularrerako prestakuntza egokia izango da Gernikarentzat, eta lantaldeagaz “probak egiteko” baliatuko dute. Tabiran jokatuko diren neurketa denak doakoak izango dira, edukiera bete artean.
Gasteiztarrek taldearen ardatzak aldatu behar izan dituzte azken denboraldiotan; izan ere, Maria Asurmendi, Izaskun Garcia muxikarra eta Tanay Atikinson moduko jokalari esanguratsuak galdu zituzten. Edozelan ere, Melissa Greter, Laura Aliaga, Marta Hermida edota Tamara Seda fitxatu dituzte. Iazko denboralditik, harrobiko jokalariez gain, beste hiruk baino ez dute jarraitzen: Natalie Van Den Adelek, Agostina Buranik eta Txell Alarconek. Jokalari horiek, Sami Hill eta Brittany Brewerregaz batera, izan beharko dute taldeko erreferente. Iragan asteburuan, hain zuzen, sobera frogatu zuten puntuak egiteko gaitasun handia dutela.
IDK konpetizioko erritmo handiagaz eta fitxaketa sendoak eginda iritsiko da Euskal Kopara
IDKri dagokionez, konpetizioko erritmo handiagaz ailegatuko da, aurredenboraldiko lagunarteko partiduetan maila handiko aurkarien kontra jokatu baitute: 58-81 galdu zuten Schioren aurkakoan; 52-67, ostera, Lattes Montpellierren kontra; 51-71ko markagailuagaz Casademont Zaragozaren aurka eta, azkenik, Ardoiren kontrakoan 36-70 gailendu ziren. Taldeko izar nagusia, Mariam Coulibaly, galdu duten arren, Maria España eta Yurena Diaz dituzte lantaldean. Horiez gain, kalitate handiko fitxaketak egin dituzte, taldea asko sendotu dutenak: Lara Gonzalez, Gracia Alonso de Armiño, Erin Whalen, Laura Westerik, Alba Prieto, Becky Massey nahiz Jewell Tunstul.