Eskualdeko partaidetza oparoa egongo da Bizkaiko lehian
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute. Urriaren 1a eta abenduaren 16a artean egingo dute, hamar saiotan banatuta.
2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa abian da. Urriaren 1ean emango diote hasiera lehiaketari, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko dute, Bilbon egingo den final handian. Tartean, hainbat fase igaro beharko dituzte parte hartuko duten bertsolariek: sei kanporaketa saio, hiru finalaurreko, eta finala. Kanporaketei dagokienez, urriaren 1a eta azaroaren 1a bitartean egingo dituzte, ondorengo udalerrietan: Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Berrizek, Santurtzik eta Lemoak hartuko dituzte finalaurrekoak; hurrenez hurren, azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira. Bilboko azken saioa, finala, abenduaren 16an lehiatuko dute. Saio denak 17:00etan hasiko dituzte.
Aurtengo txapelketan, 36 bertsolari ariko dira zein baino zein gehiago. Horietatik 30 Udabarria Bertsotan lehiaketatik sailkatu ailegatuko dira Bizkaiko Txapelketara; gainontzeko sei bertsolariak, ostera, 2021eko finalaurrekoetara iritsi zirenak. Finalaurrekoetako fasera 11 bertsolari pasatuko dira, eta han izango dituzte zain finalerdietara zuzenean igaro diren 7 bertsolariak: 2021. urtean finalista izan zirenak. Finalera sailkatuko dira, hain zuzen ere, hiru finalerdietako garaileak eta puntuaziorik altuena poltsikoratzen duten gainontzeko bost parte-hartzaileak.
Busturialdeko 11 bertsolarik parte hartuko dute aurtengo ekitaldian
Eskualdeko partaidetza. Busturialdeko hainbat bertsolarik parte hartuko dute Bizkaiko lehian. Ondorengoak izango dira: Koldo Muñiz Aldamizetxebarria ibarrangelutarra; Ibai Amillategi Omaetxebarria, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Gezuraga Seijido, Beñat Bilbao Landa, eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernika-lumotarrak; Iker Uriarte Urrutia bermeotarra; Eneko Aldana Carrasco foruarra; eta Asier Galarza Garai nahiz Onintza Enbeita Maguregi muxikarrak.
Muñizek Mungiako saioan parte hartuko du, urriaren 1ean; Amillategik, Ibaerguengoitiak eta Retolazak, urriaren 8koan, Gernika-Lumon; Uriartek, Arrigorriagan, urriaren 15ean; Galarzak, Aldanak eta Arrizabalagak, urriaren 29an, Igorren; Bilbaok eta Gezuragak, Lekeition, azaroaren 1ean; Etxebarriazarragak, Berrizen, azaroaren 11n; Enbeitak, ostera, azaroaren 25ean, Lemoan.
Gaur [irailak 13] plazaratu dituzte txapelketaren nondik norakoak Bilboko Rekalde aretoan. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa bost aldiz irabazitako Igor Elortzak, Bizkaiko Txapelketako arduradun Ione Narbaizak, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Leixuri Arrizabalagak aurkeztu dute aurtengo ekitaldia, baita txapelketan zehar beharrean ariko diren talde antolatzailea, komunikazio taldea, gai jartzaile taldea eta epaile taldea.
KANPORAKETEN EGUTEGIA
Urriak 1, Mungiako Olalde aretoan.
- Araitz Katarain Mugartza, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Muñiz Aldamizetxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal, Peru Vidal Gurrutxaga eta Txaber Altube Sarrionandia.
Urriak 8, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian.
- Arkaitz Zipitria Mendizabal, Bittor Altube Sarrionandia, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Iker Garitagoitia Astigarraga, Julen Ibarguengoitia Ordorika, Mikel Retolaza Etxebarria.
Urriak 15, Arrigorriagako Lonbo aretoan.
- Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Iker Uriarte Urrutia, Inazio Vidal Gurrutxaga, Iruri Altzerreka Martinez, Josune Aramendi Perez eta Lurdes Ondaro Mallea.
Urriak 22, Erandioko Merkatu Zaharrean.
- Ander Sarriugarte Garcia, Garazi Navarro Ugarteburu, Igor Galarza Intxausti, Imanol Uria Albizuri, Paule Ixiar Loizaga Legarra, Unai Mendiburu Valor.
Urriak 29, Igorreko Lasarte aretoan.
- Aissa Intxausti Aburruza, Asier Galarza Garai, Eneko Aldana Carrasco, Janire Arrizabalaga Munduate, Jone Larrinaga Dañobeitia, Oihana Bartra Arenas.
Azaroak 1, Lekeitioko Ikusgarri zineman.
- Aitor Arrutia Azkueta, Beñat Bilbao Landa, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Koldo Gezuraga Seijido, Maite Sarasola Isazelaia, Peru Irastortza Santxo.
Azaroak 11, Berrizko Olakueta frontoian.
- Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Arrigorriagako irabazlea, Lekeitioko irabazlea eta puntuazioz hirugarren sailkatua.
Azaroak 18, Santurtziko Serantes kultur aretoan.
- Aitor Bizkarra Ruiz, Jone Uria Albizuri, Mungiako irabazlea, Erandioko irabazlea, puntuazioz lehen sailkatua eta laugarren sailkatua.
Azaroak 25, Lemoako udal kiroldegian.
- Nerea Ibarzabal Salegi, Onintza Enbeita Maguregi, Gernika-Lumoko irabazlea, Igorreko irabazlea, puntuazioz bigarren sailkatua eta bosgarren sailkatua.
Abenduak 16, Miribillako Bilbao Arenan.
- Berrizko irabazlea, Santurtziko irabazlea, Lemoako irabazlea eta puntuazioz lehen bost sailkatuak.
Saio bakoitzerako sarrerak eskuratu ahal izateko, bide bi egongo dira: batetik, www.bertsosarrerak.eus atarian egin ahalko da; bestetik, txarteldegietan ere erosi ahalko dira. Antolatzaileek argitu dutenez, aurrez agortzen ez badira, saio denetan txarteldegia zabalik egongo da, 16:00etatik aurrera; finalean, ostera, 15:00etan zabalduko dute.