Zortzi bikotek lehiatuko dute Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa
Gaur hasita, barikuetan, 19:00etan hasita lehiatuko dute Ajuriako txapelketa. Finala irailaren 29an jokatuko dute.
Gaur hasita, Ajuriako 2. Pilota Goxua Txapelketa lehiatuko dute datozen lau barikutan. Ajuriako frontoian jokatuko dituzte binakako neurketak, 19:00etatik aurrera.
Iazko modura, zortzi bikotek ariko dira nor baino nor gehiago: Gandiaga Anaiak (iazko irabazleak), Ioritz-Perea, Artxo-Castañares, Latxiondo-Muxike, Rober-Urki, Azkarai-Bidaburu, Xabat-Atxur eta Jauro-Arkaitz. “Lekeitio, Mendata, Gernika-Lumo, Ondarroa… inguruko herri askotatik dator jendea. Ea horrela jarraitzen dugun, eta txapelketa gehiago zabaltzen den”, adierazi dute antolatzaileek. Diotenez, “maila polita” dago, baina Gandiaga anaiak dira faboritoak: “Maila ona dago lehiaketan, baina zertxobait gehiago dute iazko irabazleek”.
Gaur eta hurrengo barikuan, bina partidu jokatuko dira, eta irailaren 22an lehiatuko diren finalaurrekoetara zein bikote sailkatzen diren erabakiko da. Esku pilota txapelketako finala, berriz, irailaren 29an jokatuko dute.
Bigarren urtez antolatu dute lehiaketa, lehenengo urtean jasotako “erantzun ona” eta gero. Hala, antolatzaileeek adierazi dute pilota jokoa “bizitzea” dela txapelketaren helburua. “Bultzada bat eman gura diogu pilotari, bizitu gura dugu”.