Azken bultzada, jaien atarian
Atzo [irailak 7] abiatu zituzten Bermeon Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Udalak "80 ekintza baino gehiagoko" egitaraua osatu du. Txosna Batzordeak ere eskaintza anitza emango du, "bermeotarren erantzun bikainari esker".
Bermeotarrek goi-goitik abiatu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Iragan asteburuan ekin zioten jaiari, Almikako jaiekin. Bermeoko jaiak, ofizialki atzoko [irailak 7] jaitsiera eta txupinagaz hasi zituzten. Herri Babesak irakurri zuen pregoia eta, gainera, zeinu mintzairarako interprete batek ere azaldu zuen, gorren edo entzuteko desgaitasuna duten pertsonen “inklusibitatea bermatzeko”. Gainera, herria ospakizun soinekoz jantzita dago irail hasiertik: hilaren 2an, Salome Campos igeriketa zerharkaldia egin zuten; eguaztenean, Itsaso Egunean, ostera, herritarrek kukañaz gozatu zuten.
Udalak herriko jaien “inoizko egitaraurik oparoena” atondu du aurten. Hain zuzen, Endika Etxebarria Telleria kultur zinegotziak “80 ekintza baino gehiago” biltzen dituen programazioa nabarmendu du. Udal ordezkariaren berbetan, bermeotarrak jaietarako oso gogotsu daude: “Herriko jaiei hasiera emateko eta primeran pasatzeko gogoa dugu, betiere elkarrenganako errespetua izanik. Era berean, Jai Batzordeari, herriko elkarteei eta Udaleko langileei eskerrak eman nahi dizkiet, egindako lanagatik”. Udaletik argitu dute jaiek irauten duten artean Bermibus Gautxori doako autobus zerbitzua egongo dela.
Hainbat eragilez osatuta egon arren, Txosna Batzordeak elkarlanean funtzionatuko du
Gaur [irailak 8], Andra Mari egunez, usadioari jarraituz, udalbatza Talan elkartuko da, Alkate soinua entzuteko. Bihar, Arrantzeen Egunean, lore eskaintzak, omenaldiak eta zuzeneko musika izango dira protagonistak, egunean zehar. Urtero legez, txosnak ere ospakizunen epizentroetako bat izango dira, jaietako egun guztietan. Azken urteetan egin duten modura, Txosna Batzordeak elkarlanean funtzionatuko du. Edozelan ere, zazpi dira batzorde barruan parte hartzen duten eragileak: Aske Amnistiaren aldeko antolakundea, Ernai gazte erakundea, Mugimendu Sozialista, Bermioko Mugimendu Feminista, Aker Beltz herriko taberna berrirako ekimena, Nda Wi Bermioko senegaldarren elkartea eta Bermeoko San Frantziskoko Familia Elkartea.
Erantzun “benetan polita”. Jaien ataritan, Txosna Batzordeak bermeotarrei nahiz inguruko udalerrietako boluntarioei zuzendutako komunikatua plazaratu zuen, jendearen elkartasuna eta lanerako prestutasuna eskatuz, txosnek egunero-egunero zerbitzua eman ahal dezaten. Argitu dutenez, 300 lagun inguru behar dituzte, txanda eta egiteko guztiak aurrera eroateko.
Bermeotarrek erantzun “benetan polita” eman diote Txosna Batzordeak plazaratutako komunikatuari
Esan eta egin: herritarrek komunikatuari erantzun “benetan polita” eman diote jaiak hasi orduko eta, gaur-gaurkoz, ia txanda guztiak beteta daude. “Eragileetako jendeaz gain, nolabait independente modura izena emandakoak eta inguruko herrietako eragileetakoak ere animatu dira txosnetan parte hartzera; txandarik gaitzenak, goizaldekoak edota janari zerbitzua, dagoeneko bermatuta ditugu. Alde horretatik, herritarrek jaien eta txosnen alde erakutsitako jarrera nabarmendu gura dugu”.
Bestalde, oraindik “txandaren bat edo beste” egiteko tartea dagoela aurreratu dute; interesa dutenei Bermeoko Txosna Batzordearen sare sozialetara jotzeko edota txosnetan bertan galdetzeko deialdia luzatu diete.
Hain zuzen, eskaintza aldetik ere “kalitate jauzia” egingo dute: “Ohiko zerbitzua ahalik eta duinen emaiteaz gain, zenbait berrikuntza ere egongo dira: eskaintza begetarianoa azken urteotakoa baino zabalagoa izango da. Lagunarteko denetariko lehiaketak ere egongo dira”.
Hainbat estilo nahiz formatu jorratzen dituzten taldeak igoko dira Lamerako zein txosnetako oholtzetara
Dezibelak ez dira faltako. Zuzeneko musikak beti eduki ohi du esangura jaietako egitarau barruan. Hainbat estilo nahiz formatu jorratzen dituzten taldeak igoko dira Lamerako zein txosnetako oholtzetara. Besteak beste, eskualdeko taldeei plaza eskainiko diete: Etxekalte talde bermeotarrak edo kide gernika-lumotarrak dituen Zirkinik Bez erromeriak Lameran joko dute; zenbait partaide bermeotarrez osatutako Addar taldeak, aldiz, txosnetan. Horrez gain, “gustu musikal denak asetzeko”, hainbat DJren sesioak egongo dira txosnetan, jaietako egun desberdinetan, baita Sua edo Esne Beltza moduko talde entzutetsuak zein ABBA taldearen tributo taldea ere.