14.285 bisitari izan ditu Batzarretxeak udan, iaz baino %11 gehiago
Iazko datuekin alderatuta, bisita kopurua %11 hasi da uda honetan, eta Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutzeko aretoa bete egin da egun gehienetan. Barrualdea 14.285 personak bisitatu dute, baina kopuru hori handiagoa da Gernikako Arbola hazten ari den lorategi gunera hurbildutako bisitariak zenbatuz gero.

Gernika-Lumoko Batzarretxeak nabarmen hobetu du bisitari kopurua udan. 14.285 bisitari zenbatu ditu Batzarretxera sartzeko sistema elektronikoak, eta, horrek, iazko udako datuekin alderatuta, bisiten %11ko igoera erakusten du. Hain zuzen ere, aurtengo datuak 2021eko hilabete horiekin alderatuz gero, bisitarien bolumena % 69 handiagoa da.
Horrez gain, arduradunek adierazi dute kopuru hori “handiagoa” dela egoitzaren lorategi gunera joandako pertsonak zenbatuz gero: “Kopurua labur gertatzen da. Izan ere, udako egun gehienetan aretoa bisitatzeko leku gutziak beteta egon ziren, eta aurretiazko hitzordurik ez zutenek lorategi gunea bisitatu ahal izan zuten bakarrik”.
Bizkaiko parlamentua bisitatzeko interesak udako egun gehienetan bete du egoitzaren barrualdea, eguneroko edukiera –35 pertsona orduko– ia egunero betez. Hain zuzen ere, gune hori ezagutzera hurbildu diren pertsonen %84 Euskal Herritik kanpokoak izan dira.
Jatorriari erreparatuz, Euskal Herrikoak izan dira bisitari gehienak: 2.310. Horien artetik, bizkaitarrak izan nabarmendu dira, lurraldeko 1.594 pertsona zenbatu baitituzte uztailean eta abuztuan. Kataluniatik, berriz, 1.621 bisitari hurreratu dira, eta Madriletik, 1.548.
Kanpoko bisitarien artean, berriz, nabarmentzekoa da Ameriketako Estatu Batuetatik udalerrira hurbildutako bisitari kopurua, izan ere, “nabarmen” igo da. Guztira, 641 estatubatuarrek bisitatu dute egoitza udan. Frantziarrak, bestalde, 639 izan dira, eta italiarrak, 331. Bestalde, 250 hurbildu dira Greziatik, 105 Israeletik eta 103 Japoniatik.
2021eko uztailaren 20tik aurrera, Batzarretxearen barrualdea bisitatu gura duenak aurretik erreserba eskatu beharra dauka, Bizkaiko Batzar Nagusien webgunearen bitartez, edukiera muga dagoelako. Sarrerak ez dauka kosturik, eta Bizkaiko Batzar Nagusien gela esanguratsuenak ezagutzeko aukera eskaintzen du, norabide bakarreko ibilbidea eginez: Beiratearen Aretoa, osoko bilkuren aretoa, liburutegia edota lehendakariaren bulegoa dira ikus daitezkeenak. Aldiz, Gernikako Arbolaren lorategi gunera sartzea librea da.