Bizkaiko jaunaren ibilbidea ezagutzeko hitzorduak
Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak antolatu ditu irailaren 8, 9 eta 10erako, oinez, eta, irailaren 15, 16 eta 17rako, autobusez. Parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du.
Bizkaiko Jaun izateko, hautagaiak foruen zina egin behar zuen hainbat lekutan, eta batetik bestera joateko egiten zuen bidea Zin Bidea izenez ezagutzen da. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, garai bateko jauntxoek egiten zuten ibilbide hori ezagutzeko aukera egongo da hurrengo asteburuetan: hilaren 8an, 9an eta 10ean oinez, eta 15ean, 16an eta 17an autobusez; oinezko ibilbidea hiru etapatan egingo dute, hiru egunetan, eta autobuseko ibilbideak, berriz, goiz bakarrean gauzatuko dituzte. Aldundiak antolatutako bisita gidatua Ibilbide Historikoak programaren baitan antolatu du.
“Gure lurralde historikoaren bihotzetik ibiltzeko eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko era jakingarria da bisita, Bizkaiko jaunek foruak zin egiteko erabiltzen zituzten tokiak ezagutzeko aukera eskaintzen duelako”, adierazi dute aldundiko ordezkariek. Hala, ondarea, historia, mendi ibiltaritza eta paisaiak uztartuko dituzte hurrengo asteburuetan.
Bilbon hasten zen garai bateko Zin Bidea, eta Bermeoraino ailegatzen zen, Gernika-Lumo erdigunea izanda. Hain zuzen ere, egingo diren bisitetan, toki horiek eta horietako monumentuak bisitatuko dituzte parte hartzaileek. Oinez doazenak Bilbotik aterako dira eta Larrabetzuraino joango dira lehenengo etapan, handik Gernikarainoko bidea egiteko bigarren egunean. Ibilbidea amaitzeko, Gernikatik Bermeora joango dira domekan. “Itxita egon ohi diren eta bisitarako zabalduko diren guneak bisitatuko dituzte, bai interes artistikoa dutenak, bai artistikoa dutenak, bai erlijiosoa dutenak.
Bisita gidatuetan parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du 688 85 66 89 telefono zenbakira deituta edota ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Historia.
Aldundiak dioenaren arabera, “funtsezko” ekitaldia zen Zin Bidea, eta garrantzia handia izan zuen ekitaldiak garai batean, erregearen eta bizkaitarren arteko harremana adosteko. Ekitaldiaren ospeak bizirik iraun du denboran, Lurralde Historikoaren berezitasuna definitzen lagunduz. Beraz, bide horrek garai batean izan zuen garrantzia eta bere historia ezagutzeko aukera izango dute bisita gidatuetan parte hartzen dutenek.