Andra Mariak ospatzeko egitarau zabala atondu dute Bermeon
Irailaren 7tik 16ra ospatuko dituzte Andra Mariak Bermeon eta “80 ekintza baino gehiago” antolatu dituzte. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak Jai Batzordeko kideekin batera egindako prentsaurrekoan azpimarratu duenez,”jaiei hasiera emateko eta primeran pasatzeko gogo handia dugu, betiere elkarrenganako errespetua izanik. Era berean, Jai Batzordeari, herriko elkarteei eta Udaleko langileei eskerrak eman nahi dizkiet egindako lan handiagatik”.
Ofizialki jaiak irailaren 7an hasten badira ere, aurreko egunetan ere ekintzak izango dira. Besteak beste, IX. Salome Campos igeriketa trabesia irailaren 2an, edo irailaren 6ko Itsas Egunean espigoian egingo diren kukaña, paddle surfa zein lehiaketak.
Jaiak, ofizialki, irailaren 7an hasiko dira Xixiliren aurkezpenarekin eta Nadia Nemeh alkatearekin batera hitza hartuko duen hautatutako pregoilariarekin, Goiko Plazan. Hala ere, hori baino lehen, Almikatik bajadie egingo da eta txosnen irekiera.
“Ohitura den bezala, hurrengo egunean, irailaren 8an, jai nagusia, Andra Mari Eguna ospatuko da. Udalbatza Talan Alkate soinua entzuteko elkartzen denean hasiko da”. Asteburuarekin jarraitzeko, irailaren 9an, larunbata, Arrantzaleen Eguna ospatuko dute, lore-eskaintzak, omenaldiak zein hainbat doinu eta gustutarako musikek beteko dute eguna.
“Irailaren 10ean, Begoñako Ama Birjinari omenaldia egingo da Gaztelugatxen, erraldoi txiki eta ertainen topaketa, kontzertua, herri kirolak, bingo musikatua eta bertsoak”. Astelehenean, irailak 11, barrakek prezio murriztua izango dute eta hainbat tailer izango dira txosnetan. Eta iluntzean, Bermeoko play back lehiaketa egingo dute Lameran, herritarrek irrikaz espero duten ekimena. “Hurrengo egunean, irailaren 12an, gymkana, pilota txapelketa, familia antzerkia, txokolatada eta bakarrizketa izango ditugu. Ostegunean, irailak 13, barrakak merkeagoak izango dira eta erretiratuek Almikara irteera bat izango dute”.
Irailaren 14an, osteguna, tortila txapelketaren eguna izango da. Hurrengo egunean, mozorro eguna txosnetan, herri bazkaria, urteroko danborrada, karaoke ibiltaria eta kontzertuak egongo dira, besteak beste, Sua eta Esne Beltza taldeen eskutik.
“Amaitzeko, eta jada ohitura den bezala, irailaren 16an Santa Eufemia eguna ospatuko dugu. Urtero bezala, baserri azoka bat eta txapelketa batzuk antolatuko dira”. Arratsaldean, XXXIX. Bermeo Uria Ikurriña Estropada egingo da eta dantzaldiak erriberan. Gauean dolu martxa egingo da eta Xixili erre azken agurraren ondoren. Su artifizialen ostean, “UT” eta “Zirkinik ez” taldeen emanaldiak agurtuko ditu jaiak.
Parte hartze prozesua
“Zein talde, elkarte edo pertsona uste duzu egon behar dela Udaletxeko balkoian alkatearekin batera pregoia ematen?”, galdera honen bidez zabaldu diete Bermeoko Udaletik herritarrei aukera, Andra Mariak hasteko txupina nork botako duen hautatzeko.
Zerbitzuak
Irailaren 7an, 9an, 15ean eta 16an, Udaleko Berdintasun Sailak informazio-puntu more bat jarriko du Lamera inguruan. Bertan profesional bi egongo dira erasoei buruzko herritarren zalantzak argitzeko, esku hartzeak egiteko eta edonolako laguntza eskaintzeko. Horrez gain, Bermibus zerbitzua eskainiko da 30 minutuero. “Bermibusak ibilbide zehatz bat izango du, baina geltoki malguak eskaintzeko aukera egongo da eta herritarren bat bakarrik joanez gero etxera hurbiltzeko aukera egongo da”, zehaztu dute.