“Zein talde, elkarte edo pertsona uste duzu egon behar dela Udaletxeko balkoian alkatearekin batera pregoia ematen?”, galdera honen bidez zabaldu diete Bermeoko Udaletik herritarrei aukera, txupina nork botako duen hautatzeko.
“Normalean udaletik hartzen den erabaki batean herritarrek ere parte hartzeko aukera izan dezaten” egin da aurten horrela udaletxeko balkoira nor igoko den zehazteko prozesua. “Gero eta gutxiago falta da Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaietarako eta jakin badakigu txupinazoa denontzat dela berezia, horregatik, denon artean erabaki nahi dugu zein talde, elkarte edo pertsona egongo den Udaletxeko balkoian pregoia ematen gonbidatu berezi gisa”.
Abuztuaren 4ra bitarte egon da proposamenak aurkezteko epea, eta herritarren ideiak jaso ondoren, hiru dira bozkatzeko aukeren artean daudenak: Bermeoko Txosna Batzordea, San Frantzisko Herri Ikastetxea eta Bermeoko Herri Babesa.
Online edo Kultura Etxeko harreran jarritako kutxan (09:00-14:00) eman beharko da botoa. Bozka emateko azkeneko eguna abuztuak 11 izango da eta 14:00ak arte egongo da irekita epea.