Eguneko jaia protagonista
Lurgorriko jai batzordeko kideek erreleboa lortu dute eta aldaketa batzuekin datoz aurtengo jaiak. Jendea "jai gogoz eta laguntzeko prest" dagoela esan dute.
![San Lorentzo jaiak](https://busturialdea.hitza.eus/site/files/2023/07/lurgorriko-musika-gaua.jpg)
Jaietako txupinagaz batera, eta urtebetez lan handia egin ostean, pena guztiak uxatzeko eta poz guztiak ospatzeko momentua iristen da. Irrikaz egoten da herri zein auzoetako jendea, eta halaxe daude Gernika-Lumoko Lurgorri auzokoak ere, San Lorentzo jaien esperoan.
Lurgorriko jai batzordeak mimoz antolatzen du egitaraua, eta aurten ere egitarau zabal eta oparoarekin datoz. Ohiko hainbat hitzordu mantenduko dituzte, baina, batzordekoek azpimarratu dutenez “aurtengo desberdintasun handiena eguneko ekintzekin apostua” egin dutela da. Horrez gain, aipatu dute jai parte hartzaileak antolatu nahi izan dituztela, eta jendearen aldetik “edozertan laguntzeko prestutasun handia” sentitu dutela.
San Lorentzo eguna ohi bezala hasiko da txupinazoagaz eta lagunarteko mendi martxagaz.
Aurtengo herri bazkaria aldaketa batekin dator. Izan ere, aurreko urteetan kanpotik ekarri izan duten bazkaria aurten herritarrek prestatuko dute. Bazkalostea Lopategiren bertso eskolak alaituko du.
Arratsaldean, urtero bezala, nagusientzako herri kirol erakustaldia egongo aurten ere. Berrikuntza bezala, haurrek ere parte hartu ahal izango dute: trontzan, kontrabandisten lasterketetan eta lokor batzean, besteak beste.
Ezinbesteko hitzordua da bertsolariena eta aurten ordua aurreratzea erabaki dute “jende nagusi asko etortzen delako eta beraiekin pentsatuz egokiena dela uste dugulako”. Zihara Enbeita izango da gai jartzailea eta Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Ibai Amillategi arituko dira bertsotan.
Horrez gain, Gernikako jaietako protokoloaren baitan, Lurgorriko jaietan ere eraso matxisten aurkako protokoloa martxan egongo da jaietako bi egunetan. Horretarako, 689 37 36 43 telefono zenbakia jarriko dute, eta txosnak zabalik dauden bitartean protokolo-arduradun batzuk egongo dira.
Parte hartzea helburu
Gastronomia kontuak ere ez dira faltako festetan. San Lorentzotxu eguna urtero egiten den tortilla txapelketagaz hasiko da, eta gilda txapelketa ere egongo da.
Hainbat ekintza tarteko, arratsaldeari gazta jolasagaz ekingo diote. Aurtengoan “zerbait desberdina” egin nahi izan dute, eta, horregatik, zurezko jolasak ekarriko dituzte, “jendeak imajinazioa erabiltzeko eta parte hartzeko”.
Arratsaldea alaitzeko, aurten 40 urte bete dituen Luhartz erromeria egongo da. Arratsaldeko formatuan hainbat koreografia egingo dituzte, jendeak dantza egin ahal izateko. Musika Gauaren osteko formatua aldiz, “2erromeria konbentzionalagoa” izango dela aipatu dute. Aurtengoan ere festa eta giro ona ez dira faltako Lurgorriko jaietan.
![](https://busturialdea.hitza.eus/site/files/2023/07/los-zopilotes_xirriaos.jpg)
Lurgorriko jai batzordeko kideek “apostu desberdin bat” egin nahi izan dute. Herriko gazteekin hitz egin ostean, Musika Gaua girotzeko Kai Nakai eta Los Zopilotes Txirriaos taldeak ekartzea erabaki dute.
Musika urbanoa eta rantxerak urrun egon daitezkeela ematen duen arren, Lurgorriko jai batzordeak biak elkartuko ditu zelai berean, hain berezia izaten den Musika Gauean.
Kai Nakai izenagaz ezagutzen den Iratxe Retolaza gasteiztarrak musika urbanoa ekarriko du Lurgorriko zelaira. 2019an Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen, musika urbanoa euskaraz eta feminista izan daitekeela aldarrikatuz. Dantzan egin eta gozatzeko aukera egongo da gasteiztarraren doinuekin. Regetoia eta musika urbanoa ez ezik, trap, pop eta disko motako musikaz astinduko du zelaia.
Urbanotik, rantxeretara. Napar-mex izeneko musika estiloan kokatzen dute beraien musika Los Zopilotes Txirriaos taldeko kideek. Mugak gainditu, eta bi herrialdetako musika estiloa uztartzen dute, korrido eta rantxera mexikarrak nafarroako tradizio eta folklorearekin nahastuz. 2022an atera zuten beraien azken diskoa La chica maravilla izenagaz, eta Euskal Herrian zehar hainbat kontzertu ematen dabiltza.