230 kilometro egin ta zentimetro batzuk faltan
Pello Bilbao Lopez de Armentia bigarrena izan da Donostiako Klasikoan. Gernika-lumotarrak ezin izan du Remco Evenepoel Munduko Txapelduna menperatu.
Pello Bilbao Lopez de Armentiak bigarren postuan amaitu du Donostiako Klasikoa. Euskal Herrian egiten den World Tour mailako egun bateko proba bakarrak goi maila eduki du aurten. Frantziko Tourretik etorritako ziklistekin bat egin dute Espainiako Itzulirako eta Munduko Txapelketarako prestakuntzan dauden txirrindulariak eta, ondorioz, punta-puntako partaidetza eduki du Klasikoak.
Bilbaok bere kartak jokatu ditu, eguneko unerik erabakigarrienean: 75 kilometro ingururen faltan, hautagai nagusiak, Soudal Quick Step etxeko Remco Evenepoel Munduko Txapeldunak, erasora jo duenean. Erlaitz tontorrean jo du aurrera Evenepoelek, eta gutxi batzuk izan dira gai haren gurpila hartzeko; tartean, Bahrain Victoriouseko gernika-lumotarra, Bora Hansgroheko Aleksandr Vlasov errusiarra eta EF Education Easyposteko Alberto Bettiol italiarra.
Evenepoelek Erlaitz tontorrean egin du lasterketa erabaki duen mugimendua
Mendizorrotzeko igoeran, hautagaien taldek tropelarekiko zeukan abantaila egonkortu du, eta ziklista kopuruz mehartu egin da. Izan ere, Bettiolek ezin izan dio mendate osoa tiraka egin duen Evenepoelen erritmo bortitzari eutsi; Bilbaok ere gogotik sufritu du. Atzean, bere taldekide Mikel Landa Meanak AG2R Citroen taldeko Felix Gall austriarragaz erasora jo du, baina bere mugimenduak ez du uztarik jaso.
Murgil, epaile. Klasikoa azken muinoan, Murgilen, erabaki da. Tontorretik Boulevardeko helmuga lerrora zortzi kilometro baino ez baitzeuden. Evenepoel, Vlasov eta Bilbaok osaturiko hirukoteak horu minutuko errentagaz abiatu du igoera, garaipena euren artean dagoela omdo dakienaren hoztasunez eta markajeagaz. Evenepoelek ezarri du igoerako erritmoa; Bilbaok errelebo bat ere eman dio, eta errusiarra jokoz kanpo utzi dute. Lasterketaro aurpegia erakutsiz, Evenepoelegaz harrapatu du gaina.
Biko esprintean lehiatu dute garaipena Bilbaok eta Evenepoelek
Ez hori bakarrik: Donostiarako jaitsierari inork baino ausartago ekin dio gernika-lumotarrak. Bere arnasa luzeko izaerari eutsiz, Frantziako Tourreko esfortzuetatik berreskuratuta, egundoko maila erakutsi du azken kilometroetan. Garaipena esprintean lehiatu dute Gipuzkoako hiriburuko kaleetan. Bahrain Victoriousekoa izan da esprintari lehendabiziko postuan ekin diona; Bilbaok oso estu hartu du Soudal Quick Stepekoa, baina ezin izan du ezer egin Munduko Txapeldunaren abiaduraren kontra. Vlasovek osatu du podiuma.
Atzeko taldetik nabarmenduta helmugaratu dira EF Education Easyposteko Neilson Powless estatubatuarra eta bigarren euskalduna, Cofidiseko Ion Izagirre ormaiztegitarra. Ondoren ailegatutako taldetxoko esprintean, aldiz, Movistarko Alex Aranburu ezkiotarra egon da, zazpigarren postuan.
Pello Bilbao: “Evenepoel uneoro freskoxeago ikusi dut; banekien esprintean egoera gaitza edukiko nuela”
Tourreko nekea eta belgikarraren abiadura. Helmuga lerroa zeharkatu bezain pronto, pozik agertu da Bilbao, etxekoen babesagaz. Gernika-lumotarrak, azaldu duenez, “nahikoa lan” eduki du gaurkoan: “Tourreko nekeagaz, ez zen erraza. Evenepoel uneoro freskoxeago ikusi dut; banekien esprintean egoera gaitza edukiko nuela. Azken igoeran errelebo bat eman dut, aurkariak aztertzeko; Vlasov kanporatu dugu lehiatik. Donostian, baina, Evenepoel ni baino azkarragoa izan da eta, zentzu horretan, ez dago aitzakiarik. Edozelan ere, pozarren nago lortutakoagaz eta azken asteotan bizikleta gainean gozatzen ari naizen guztiagaz”.