Pello Bilbao: "Eskerrik asko denori, nire bizitzako emozio bizienak izan ditudan momentuen parte izateagatik"
Gernika-Lumoko herriak merezitako omenaldia egin dio bart [uztailak 28] Pello Bilbao txirrindulariari Frantziako Tourrean egindako lanagatik.
Europako Herrien Parkean hasi zuten iluntzea, Pello Bilbao Lopez de Armentia oinez bertaratu zenean. Bertan prest zueden Udaibai Txrrindulari Eskolako kideak, familia eta lagunak berarekin bizikleta gainera igotzeko eta herrian zehar ibilbidea egiteko. Kaskoak, maillotak eta bizikletak sinatzen aritu ostean, Gino Mader Suitzako Tourrean istripuz hildako taldekidea ere gogoan izan zuten omenaldian, Udaibai Txrrindulari Eskolako kideek Maderren irudia zeraman oroigarri bat Bilbaori eman ziotenean. Bilbaoren hitzetan, taldekidea “momentuoro barruan” eraman du eta indarrak eman dizkio taldeari: “Harro nago berari etapa hori eskaini ahal izanagatik”.
Txirrindulariak, berarekin zihoan tropela gidatu zuen Gernikako Foruen Plazaraino. Hara heltzerako, zain zituen alkatea eta ehundaka herritar harrera ofiziala egiteko. Jose Mari Gorroño alkateak zoriondu egin zuen txirrindularia eta baita eskerrak eman ere, emandako “emozio eta poztasunengatik”. Gehitu zuen herri osoak egin zituela ahaleginak indarra lasterketetara bidaltzeko. Hala, hunkituta hitz egin zien Bilbaok bertaratu ziren herritarrei. “Berezia izan da jakitea jendeak zelan bizi izan duen Tourra. Izan ere, Gernikatik hain arin igarota, ezin izan genuen aurpegirik ikusi ere, baina badakit oso hurbilerik jarraitu zenutela denok lasterketa eta oso Tour berezia izan dela denontzako”.
Eskerrak eman zizkien herritarrei, nabarmenduz Euskal Herritik irteteak eta animo guzti horiek jasotzeak “indar berezia” eman ziotela lasterketa guztietan: “Eskerrik asko denoi, nire bizitzako emozio bizienak izan ditudan momentuaren parte izateagatik”. Jendearen berotasunak jasota azaldu zuen gernikarrak “berezia” izan dela Frantziako Tour hau profesionaletan 13 urte egin ostean. Gaineratu zuen momentu askotan “zaila” egin zaiola, ahalik eta lasterketa onena egiteko, “burua hotz eta argi” mantentzea, jaso zituen animoak tarteko, nahiz eta argi izan “10. etapa hori irabazteko askorako balio” izan ziotela.
Argi utzi zuen herriaren aurrean, “txapela minutu batean janzteko, kaskoa denbora askoan eduki behar dela buru gainean”. Hain zuzen ere, gogoan izan zituen herriko haur eta gazteak, eta berari txikitan aukera eman zion Gernikesa Txirrindukari Elkarteari esker ona adierazi zion. Izan ere, herrian horrelako proiektuek duten garrantzia plazaratu zuen: “Eskertza handia merezi dute niri aukera bat eman zidatenek, eta, gaur egun, hemen, herrian daukagun proiektuari bultzada eta laguntza eman behar zaio, txirrindularitza bultzatzeko merezi duen proiektu bat baita. Helburua ez da gazteak tourreko etapa bat irabaztera heltzea, ume eta gazte hauek disfrutatzen ikustea baino. Hori nahikoa da lan hori beharrezkoa dela jakiteko.”
Aitortu zuen “oso polita” dela haur txikientzako erreferente izatea, baina baita ardura bat ere, “gauzak ondo egiteko eta eredu ona izateko”. Esan zuenez, pozik egongo da “haurrek Euskal Herrian txirrindularitzan aritzeko aukera bat duten heinean, eta ez soilik tour baten parte hartu edo etapa bat irabazteko gai direnean”. “Euren egunerokoan ongi pasatu eta txirrindularitzak dituen balore guztiak ikasteko aukera izan behar dute”, adierazi zuen Bilbaok.
Berriz ere eskerrak emanaz itxi zuen omenaldia. “Betiko eramango ditut egun hau eta tourrean bizitako emozioak nirekin. Eskerrik asko denori”.