Euskal letrak ere, bonbardatuak
Gernika-Lumoko Bakearen Museoan ikusgai dagoen 'Euskal letren bonbardaketa' erakusketaren helburua da mendeetan zehar euskarazko letrei, diskurtsoari eta kulturari ezarritako zentsuraren berri ematea. Abenduaren 31ra bitartean ikus daiteke.
Azken hamarkadetan, nazioarteko eztabaidagai izan da zentsura. Nicole Mooren berbetan, zentsuraren alde edo kontra egotea “inork ez daukan askatasun bat onartzea” da: “Zentsura bada, egin daitekeen bakarra da bere eragin errepresibo handiagoaren edo txikiagoaren artean ezberdintzea”. Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan ikusgai dagoen Euskal letren bonbardaketa erakusketaren helburua da mendeetan zehar euskarazko letrei, diskurtsoari eta kulturari ezarri zaizkion askotariko traben eta kontrolen “intentsitateari” erreparatzeko aukera sortzea.
Abenduaren 31ra bitartean ikusi ahalko da aldi baterako erakusketa, eta tarte horretan, 36ko gerrak eta frankismoak euskal kulturan zein euskal letretan izandako eraginaren “itzal luzeari” buruzko hausnarketak bideratuko ditu erakusketak. Izan ere, Francoren erregimenak ezarritako zentsura instituzionalak euskal kultura idatzian izandako eragina laburbiltzeaz gain, 1975-1983 bitartean martxan jarraitzen zuen zentsura aparatuaren berri ematen du.
Horretarako, kultura idatziaren industriaren katebegi ezberdinetan zentsurak izandako eragina agerian uzten dute, heldu nahiz haurrei zuzendutako liburuen zentsura txostenei ez ezik, orain arte arreta gehiegirik eskaini ez zaion edizioaren esparruari arreta berezia eskainiz. Horretarako, ikerketa sakon baten emaitza diren idatzizko nahiz ikus-entzunezko euskarri materialak erabili ditu museoak, besteak beste.
Ze, zer da zentsura? Zelan funtzionatzen zuen? Noiz arte iraun zuen? “Hego Euskal Herrian gure buruari galdera hori pausatzen diogunean Frankismo garaiko (1936-1975) zentsura instituzionalaren errepresio neurriak datozkigu burura. Baina zer dakigu horri buruz? Hori izan al da euskal letrek eta kukturak jasandako lehen zentsura aldia? Eta azkena? Espainiar estatua izan al da zentsura eragin duen bakarra?”, galdetzen dute Ismael Manterola eta Amaia Elizalde erakusketaren komisarioek. “Erakusketa honetan Frankismo garaiko euskal liburuari eragin zion zentsuraren itzal luzea ezagutu ahalko dute bertaratzen direnek: Frankismo osteko zentsura (1975-1983) heldu literaurari, haur eta gazte literaturari, itzulpenari nahiz argitaletxeen munduari dagokienez. Baina, Francoren heriotzarekin amaitu ez zen bezala, euskara eta euskal letrekiko errepresioa eta zentsura ez zen harekin hasi, ezta espainiar estatuaren baitako lurraldeetara edo liburuetara mugatu ere”, azaldu dute.
“Debekatuta dago lurrera txistua botatzea eta patois-ez hitz egitea”. Hori jartzen dueneta Zaloa Ipina artistak egindako alfonbra batek zabaltzen du erakusketa. Artistak dioenez, XIX. mendean hartutako neurri batek eragin zuen espazio publikoetan adierazpen hori zintzilikatzea, debeku kartel modura. “Hasieran Frantziako espetxe sistemak ezarri zuen, baina, geroago, oinarrizko hezkuntzara heldatu zen, eta oso ohikoa bihurtu zen inskripzio hori zuen errotulua hormatik esekitzea”, dio artistak.
Zentsurari buruzko legedia.
Euskal argitalpenen kontrako errepresioa eta zentsura neurriak “lehergailuen antzera” erori ziren euskal letretara. Espainiaren geografian kultur hizkuntza, naziotasun eta pentsamendu bakarra ezarri ziren, euskal argitalpenentzako esparru “oso murritza” utzirik. “1936an ezarritako lehen neurrien ostean, 1936tik aurrera zentsura aparatu espezifikoa nahiz lege eta dekretu berriak sortu ziren eta, ezezagunagoa dena: zentsura aparatuak Francoren heriotzaz harago ere bizirik iraun zuen, 1983ra arte, nahiz eta legediak 1978tik aurrera jadanik hura ez babestu”, azaldu dute erakusketan.
1966ko Francoren legearekin derrigorrezko aurretiazko kontsulta hautazko bihurtu zen argitaletxeetan. Legedian jadanik ez zen zentsura hitza erabiltzen eta ez zen derrigorrezkoa Ministerio de Informacion y Turismo sailean liburuak argiratzeko baimena eskatzea. Horrek, ordea, ez zuela praktikan “zentsuraren desagerpenik ekarri” diote ikertzaileek, “batetik, argitaratu zitekeenak mugatuta jarraitzen zuelako, baimenik gabe argitaratutakoa kenduarazi zezaketelako, eta bestetik, aurretiazko zentsura argitaletxeei ezarri zietelako”. Lege berriarekin, jadakin existitzen ziren argitaletxeek zein sortuko ziren berriek prozedura burokratiko bat jarraitu behar izan zuten eta haien argitaratzeko asmoen berri xeheki eman erregistro zenbaki bat lortzeko.
Helduei zuzenduriko liburuetan, “zentsura aparatuaren jarraikortasuna” izan zen ezaugarririk nabarmenena Francoren heriotza aurreko eta ondorengo urteetan, nahiz eta ezinbestean lege aldaketak etorri eta zentsura aparatuaren zilegitasuna eta indarra “apurka-apurka” desagertzen joan.
Frankismo garaian, gainera, “ardura bereziz” zaindu ziren hartzaile gazteenei zuzendutako liburu eta bestelako argitalpenak: “Lan hauetan jasotako testu eta irudiek, frankismoak sostengatzen zituen balio erlijioso eta moralak babestu behar zituzten, eta hori bermatzeko berariazko irakurle batzordeak sortu ziren. Dinamika horren arrastoak nabari dira frankismo osteko zentsuran ere, gazteei zuzendutako zentsura nolabaiteko erresistentzia gune bilakatu baitzen”. Horren adierazgarria da, 1975-1983 urteen bitarteko euskarazko lanen %67 zentsura batzordeetatik pasatu zirela, 255 lan guztira. “Euskaraz argitaratutako lanen kasuan, gainera, hauetatik gehienak bi lektoreren esku eta begiradatik pasatzen ziren, nekez ematen baitzioten obra bati oniritzia euskara ezagutzen zuen irakurleak testua berrikusi aurretik”, zehaztu dute.
Zaharrak berri.
Haur eta gazteei zuzendutako liburuen zentsura frankismoaren ezaugarria bazen ere, euskara eskolatik kanpo uztea ez zen berrikuntza izan, mendeak baitzituen ordurako Euskal Herriko haurren euskararen alfabetatzea kontrolatu eta murrizteko tradizioak. “Frantziar nahiz espainiar estatuak belaunaldi berriei eragiten zieten askotariko legeen bidez, euskara eta bestelako hizkuntza txikiagoak baztertzeko”, diote komisarioek.
Hain zuzen ere, gai horri buruz eraiki dute hainbat artistek euren lana, tartean Ipinak. Menderatuak ordea, beti gara inposatzaile eta Eskola eraztuna lanetan landu du hori. Eskola eremuko euskararen kontrako errepresioa islatzen dute biek ala biek, eta horiek ikusgai daude museoan. Hala dio artistak: “Hizkuntza bera debekatzea eta, batez ere, txikitatik ahaztaraztea da hizkuntza hori suntsitzeko metordorik eraginkorrena. Zigor edo zuzengarrien bidez baino ez zuen haur batek ama hizkuntzan hitz egiteari utziko, berea ez zen eta erabiltzeko ezagutzarik ez zeukan beste hizkuntza batean hitz egiten hasteko. Eskola eraztunaren ezarpena izan zen zigorrik ohikoena bai Frantziako zein Espainiako estatuetan, baita Europako eta munduko beste estatu askotan ere. Eraztun batekin seinalatzen zituzten hizkuntza propioan hitz egiten zuten ikasleak”.