San Inazio jaiak, denetarikoekin
Uztail amaierak esanahi berezia dauka Foruan, Bedaronan edota Laidan: saninazioen iritsiera. Ekimenez betetako egitarau zabalak antolatu dituzte herri horietan.
Busturialdeko herritarrak San Inazio Jaien ataritan daude. Herriko jai nagusiak izango dira Foruan, baina beste zenbait gunetan ere ospatuko dituzte. Bedaronan, esate baterako, goi-goitik gozatzeko moduko egun biko jai egitaraua atondu dute. Etxeko txikienentzako eskaintzak ipiniko ditu abian jaiak, eta Irai taldearen zein Jaikide DJaren musikagaz bukatu. Horrez gain, Trabesti Showa ere edukiko dute. Azken hori etzi izango da, eta artistak 23:30ean igoko dira oholtzara.
Laidan, EinGO taldeko kideak izango dira jaiak musikaz girotzeko ardura edukiko dutenak: tabernaz taberna ariko dira, triki poteoa beren doinuekin alaituz. Gainera, Lorea Ume Dantza Taldeko partaideek ere plaza izango dute, emanaldia eskainiko baitute San Inazio egunean.
Adin tarte bakoitzari egokitutako jai egitaraua prestatu dute Foruan
Foruan, lau jai egun edukiko dituzte, hiru barik. Mikel Magunazelaia alkateak azaldu du iaz, pandemia ostean, jaien antolaketa “eraldatu” zutela, eta aurten duela urtebete sumatutako “gabeziak edo akatsak” konpontzean oinarritu dela prestakuntza. Eguneko ekimen gehientsuenak futbol zelaian izango dira, karpa handiaren babesean.
Adin tarte bakoitzari zuzendutako egitaraua prestatu dute: “Egun bakoitza, herritar profil jakin bati bereziki zuzenduta dago”. Gaur, udalekuen amaiera aprobetxatuko dute umeei “merezi duten festa” emateko. Batik bat, txupin txikia edota apar jaia nabarmendu ditu Magunazelaiak. Bihar, Paella Txapelketa izango da jarduera gorena. Aurten, epaileek irabazlea erabaki artean, herri kirolak egongo dira.
Domeka, aldiz, adinekoentzat diseinatuta egongo da. Kamiñokon, Foruko adineko herritarrak omenduko dituzte; gaur-gaurkoz, 100 lagun inguru daude izena emanda. Bertaraino joateko, udalak tren txiki bat ipiniko du, udaletxe paretik aterako dena.
San Inazio egunean, dianagaz ekingo diote jaiari, herriko txistulari taldeak lagunduta. Jarraian, Erregelak dantzatuko dituzte Urdaibai Dantza Taldeko kideek; arratsaldez, ostera, Poloniako Bychlewinka taldekoekin batuko dituzte indarrak, beste dantza ikuskizun bat emango baitute talde biek batera. Erasoen aurkako protokoloa ere hobetu egin dutela azaldu dute, eta 747 478 744 laguntzarako telefono zenbakia eskuragarri egongo da, jaiek iraun artean.
JAIETAKO EGITARAUA
Bedarona
Uztailak 30, domeka.
– 17:00. Umeen jolasak plazan.
– 18:00. Mus txapelketa
– 18:30. Umeentzako bits jaia, goiko aparkalekuan.
– 21:30. Irai taldearen kontzetua.
– 23:30. Trabesti Showa, Yogurinha Borova, Albina Sturdust eta Divina Comediagaz.
-01:00. Jaikide DJa.
Uztailak 31, astelehena.
– 12:30. Umeen pilota partiduak.
– 13:30. Igelaren jolasa.
– 18:30. Magiklown saioa.
– 20:00. Bolo txapelketa.
21:30. Mariachi Mexico Lindoren musika emanaldia.
Forua
Uztailak 28, barikua.
– 11:00. Umeentzako jolasak.
– 12:00. Txupin txikia.
– Ostean. Apar jaia.
– 17:30. Kantu Kolore.
– 21:00. Txupinazoa trikitilariekin.
– 23:00. Kontzertuak: Tooth, Leihotikan eta Zirkinik Bez erromeria.
Uztailak 29, zapatua.
– 11:00. XVI. Paella Txapelketarako izen ematea.
– 14:00. Txapelketarako paellen aurkezpena eta herri kirolak.
– 16:00. Bertsolariak, mahairik mahai.
– 23:00. Kontzertuak: Neskatasuna, Gozategi, eta Gorriontxu eta Laztana.
Uztailak 30, domeka.
– 12:30. Meza eta, ostean, Urdaibai Dantza Taldeko txikitxoak.
– 15:00. Nagusiei omenaldia kamiñokon.
– 21:00. Erromeria.
Uztailak 31, astelehena.
– 11:00. Diana Foruko txistulariekin.
– 12:30. Meza Nagusia.
– Ostean. Erregelak, Urdaibai Dantza taldearen eskutik.
– 19:00. Dantza emanaldia, Polonjiako Bychlewinka taldearen eta Urdaibai Dantza Taldeen eskutik.
Laida (Ibarrangelu)
Uztailak 30, domeka.
– 21:00. Triki poteoa EinGO taldeko kideekin, tabernaz taberna.
Uztailak 31, astelehena.
– 12:30. Lorea Ume Dantza Tal