Pello Bilbao: "Aldea egiten duen energia berezia igarri dut Tourrean"
Frantziako Tourraren irakurketa "ezin hobea" egin du Pello Bilbao Lopez de Armentiak. Etapa garaipen historikoa eta sailkapen orokorreko seigarren postua lortu ditu gernika-lumotarrak. Gaur [uztailak 27], harrera egingo diote, 19:00etan hasita.
Munduko lasterketarik handiena orain arteko mailarik handienean lehiatu du Pello Bilbao Lopez de Armentiak. Bahrain Victorious etxeko gernika-lumotarrak etapa garaipen distiratsua eta azken sailkapeneko seigarren postua poltsikoratu ditu gernika-lumotarrak. Berba gutxiko eta ekintza askoko txirrindularia da Bilbao, ezer izatekotan, eta Tour honetan agerian utzi du hori. Sailkapen orokorra lehiatzeko helburua albo batera utzita iritsi zen Bilboko irteera lerrora, lehen bi etapetan garaipenaren borrokan murgilduta ibiltzeko asmoz. Taldeko liderra Mikel Landa Meana murgiarra zen printzipioz baina, etapek aurrera egin ahala, agerian geratu zen arabarra ez zegoela lasterketaren eskakizunen mailara. Bilbaok ez zuen asmatu begiz jota zituen etxeko etapetan, baina saria beranduago iritsi zitzaion.
Vulcania eta Issoire arteko hamargarren etapan ukitu zuen zerua Bahrain Victoriousekoak. “Oso garesti” zegoen ihesaldian sartu zen, uneoro maisuki dominatu zituen erasoaldi denak, eta bere abiadura inposatu zuen Intermarche-Circus-Wanty taldeko Georg Zimmermann alemaniarraren kontra. Egun horretan sailkapen orokorrean emandako jauzia tarteko, Bilbao eta, batez ere, bere taldea sailkapen orokorrean bere aukerak jorratzen hastea planteatzen hasi ziren. Gernika-lumotarrak ez zuen kale egin. Azken egunera arte, laugarren postutik hurre egon zen, eta azkenik sailkapeneko seigarren amaitu zuen Tourra.
Pello Bilbao: “Tourra Euskal Herrian hasita, etapa garaipena ia-ia derrigortasun bat zen”
Sailkapenaren gainetik, etapa garaipena zen bere kirol ibilbideko “helmuga nagusietako bat“: “Lasterketa Euskal Herrian hasita, ia-ia derrigortasun bat zen; beharrezko motibazio guztiak eskura nituen, eta inoiz baino arrazoi gehiago topatu ditut itzulian zehar, etapa eskuratzeko”. Bai proban zehar, bai prestakuntza aldian, Bilbaok ” aldea egiten duen energia berezia” igarri duela adierazi du: “Tourra orduko asteak ez ziren batere errazak izan; edozelan ere, ingurukoen laguntzagaz, asmatu nuen ezinegona indar bihurtzen”.
Seigarren postuari dagokionez, “ez zuela espero” azaldu du. “Neure jomuga lehen bi etapetara neure sasoi fisikoaren eta mentalaren gorenean ailegatzea zen, Gino Maderren omenezko garaipena eskuratzen saiatzeko; azkenean, lorpen hori beranduago iritsi zen, eta sailkapen oso txukunagaz lagunduta, gainera”. Talde legez, Bahrain Victorious sendo agertu da hiru asteetan; taldekako azken sailkapenean hirugarrenak izan dira eta, horrez gain, beste etapa bi irabazi dituzte Wouter Poels nederlandarragaz eta Matej Mohoric esloveniarragaz.
Bilbaok 3.100 euroko ekarpena lortu du tokiko basoa hauspotzea jomuga duen Basoak SOS elkartearen mesedetan
Hamaika arrazoi. Bere taldekidearen memoriaz gain, gomuta asko eduki ditu buruan Bilbaok, pedalkada bakoitzeko. “Inoiz baino beteago” amaitu du Tourra, “aurreikuspen denak gaindituta”. Basoak SOS elkarteari laguntza ekonomikoa emanez lehiatu du Tourra; etapa bakoitzeko, bere atzetik helmugaraturiko ziklista bakoitzeko, euro bana eman du dohaintzan Bilbaok, tokiko baso autoktonoa hauspotzera bideratuta. Etapaz etapa, alez ale, basoa loratu da: 3.100 euroko ekarpena jaso du plataformak.
Urdaibai Txirrindulari Eskolako kideek harrera egingo diote gaur, Europako Herrien Parkean hasita eta Foruen Plazan amaituz
Gaur [uztailak 27] ongi etorri beroa jasoko du gernika-lumotarrak. 19:00etan, Europako Herrien Parkean, Urdaibai Txirrindulari Eskolako kideek eta eskualdeko zaleek harrera egingo diote; ostean, Gernika-Lumotik bizikleta ibilbidea egingo dute guztiek batera, Foruen Plazan amaituz. Bertan, udal ordezkarien omenaldia ere jasoko du.