Gernika-Lumoko EAJ: "Egonkortasunaren eta elkarlanaren aldeko apustua berresten dugu"
Gernika-Lumoko EAJk berretsi egin du udalerriko alkatea izendatzeko Guztiontzako Herria plataformagaz lortutako gobernatzeko akordioa, "egonkortasunaren eta elkarlanaren aldeko" apustua dela esanez. Jose Mari Gorroño alkateari eskatu diote, adostu zuten modura, "alkate kargua ahalik eta azkarren" uzteko.
Gernika-Lumoko EAJk berretsi egin du alderdiaren eta Guztiontzako Herria plataformaren arteko gobernatzeko akordioa, “egonkortasunaren eta elkarlanaren aldeko” apustua dela esanez, eta maiatzaten 28ko hauteskundeetara aurkeztu zituzten proiektu estrategikoak gauzatzeko helburuz. “Hauteskunde haietako emaitzek testuinguru konplexua eta parekatua utzi zuten udalerriko hiru indar politiko nagusien artean, eta horrek, eskuzabaltasunez eta ikuspegi orokorrez jokatzera behartzen gaitu guztiok”, argitu dute.
“Lankidetza leialerako” garai berri bat zabaldu gura dutela diote, udalerriak “behar eta merezi duen” bultzada emateko. Zentzu horretan, Jose Mari Gorroño alkateari eskatu diote, “hitzartutakoaren arabera”, alkate kargua “ahalik eta azkarren” uzteko, adostasun handiagoko hautagai baten alde eta negoziazio prozesua benetan zabaltzeko helburuz, “gobernu talde sendo eta egonkor bat osatzeko”.
Testuinguru horretan, “harrigarria” iruditu zaie alderdi bozkatuena izan den EH Bilduk bakarrik gobernatzeko egindako deia: “Oso urruti joan barik, EAJk modu oso nabarmenean irabazitako Bermeoko eta Mundakako alkatetzak eskuratu dituzte, bietan lehen indarra izan ez arren”. Gainera, alderdi jeltzaleak dio “ustezko karguen banaketak” gaitzetsi dituela koalizio abertzaleak, “gehiengo eskasa izan arren eta euren asmoa bakarrik gobernatzea eta gobernu ekintza eta ardura postu guztiak bereganatzea izan denean”.
EAJren ustez, herritarrek botoekin adierazitakoak “iraganeko desberdintasunak alde batera uztea” dakar: “Herritarrek adierazitakoak eskatzen digu iraganeko desberdintasunak alde batera uztea, eta, oso zaila izan arren, Gernika-Lumok ongizate eta oparotasuneko etorkizun bat bermatzeko behar dituen proiektu garrantzitsuak aurrera eroango dituen udal gehiengo bat eratzea”. Proiektu garrantzitsuenen artean, Urdabaiko Guggenheim, merkatu plaza berria, liburutegia edota kirol instalazioak handitzea aipatu dituzte.
Gernika-Lumoko EAJk udalerriaren interesak “euren interesen gainetik” jartzen dituela adierazi du, eta gehiengo oso bat osatu nahi dute, “egiteke dauden proiektu estrategiko guztiak ahalik eta eperik laburrenean egin ahal izateko: “Akordioen aldeko apustua egiten dutenen artean gaude, eta gure herriaren beharrei erantzuten ari gara eta ariko gara”.