108 urte bete ditu Jose Iglesiasek, eta bera da udalerriko adintsuena
Jose Iglesias Pepek 108 urte bete ditu, eta bere familiakoen, senideen, auzokoen zein kuadrilakoen ondoan ospatu du urteguna Degustacion Lurgorri tabernan. 100 urte bete zituenetik bertan elkartu dira uztailaren 26ro, eta denetariko pintxo eta edanagaz ospatu dute oraingoan ere.
Pepe el gallego ezizenez ezagutzen dute udalerrian, eta jaso dituen zorionekiko oso eskertuta agertu da. Jose Maria Gorroño alkateak eta udalbatzako kideek oroimenezko plaka bat eman diote, eta lagunek EinGo taldeko musikariak gonbidatu dituzte egonaldia girotzera.
1915ean jaio zen Galizian, eta bera da udalerriko biztanlerik adintsuena. Bere jaioterritik Mundakara joan zen bizitzera, 14 urte zituela, eta Bermeoko motorren enpresa batean aurkitu zuen lana. Gero, aterkizale gisa jardun zuen, estraperloaren osagarri, Portugalgo kafea eta dentisten hortzetarako urrea ekarriz.