"Ezin da onartu pertsona baten identitatea burla iturri izatea"
Gernika-Lumak deituta, Madalen Egunean izandako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzean batu ziren atzo Gernika-Lumon. Bermeoko eta Mundakako udalek ere erasoa gaitzetsi dute.
Gernika-Luma Gernika-Lumoko transmaribibolloen sareak deituta, gazte batek Madalen Egunean Elantxoben jasandako eraso homofoboa salatu zuten atzo Gernika-Lumon. Bermeoko eta Mundakako udalak ere erasoarekiko gaitzespena adierazi dute, eta erasotuari elkartasuna adierazi dio.
Kontatu dutenez, gazteari “poltsatik tiratu eta puto maricon” deitu zioten portuan. Jarraian, gertatutakoa salatzeko helburuz, DJa zegoen lekura hurbildu zen, baina, bertan “anbulantziakoek sarrera ukatu” zietela zehaztu dute, eta, horregatik, “hainbatetan” eskatu behar izan zuten sartzen uzteko.
Kolektiboko kideek salatu dute hori ez dela gertatzen den lehenengo kasua, ez eta bakarra ere, eta azpimarratu dute horrelako jarrerak ezin direla onartu: “Ezin da onartu pertsona baten identitatea burla iturri izatea, erasoen aurrean ematen den erantzun pasiboa onartu ezin den moduan”.
Horregatik, Gernika-Lumo “denentzako leku seguru” bihurtu gura dute, eta horretarako “beharrezkoa” dela antolakuntza transmaribibolloagaz bat egitea uste dute. Hala, hori oztopatzen dutenei “aurre egiteko prest” daudela erakutsi zuten atzoko agerraldian: “Beharrezkoa da Gernika denontzako leku seguru bihurtzea, eta hori oztopatzen dutenei aurre egitea”.