Bakearen Bidean elkartu dira mendi taldeak, beste urte batez
Senidetuta daude Gernika-Lumoko Goizale Mendi Taldea, Alemaniako Pforzheim-eko Mendi Taldea eta Italiako Vicenzako mendi taldea, eta, urteroko Bakearen Bidean batu dira beste urte batez; oraingoan, Izaba inguruetako mendiak igo dituzte.
2005ean hasi ziren antolatzen Gernikako eta Pforzheimeko taldeak, eta bi urtez elkartzen eta mendian ibilbideak egiten ibili ziren. 2008an, Vicenzako mendi taldea batu zitzaien, eta ordutik, “urtero urtero” elkartu dira mendi ibilaldietan, pandemia garaiko 2020 eta 2021ean salbu, eta horiek txandaka antolatu izan dituzte.
“Aurten, guri tokatu zaigu mendi irteera antolatzea. Hala, Gernika-Lumo batu ginen uztailaren 15ean, eta hilaren 21era bitarteko egunetan Izaba inguruko mendiak igotzen aritu gara: Hiru Erregeen Mahaia, Atxerito, Petretxema, Ezkaurre, Txamantxoia… Gero, udalerrira etorri ginen barikuan, eta bertan agurtu genituen beste taldeetako kideak», adierazi dute Goizale mendi taldeko kideek.
Guztira 40 lagun elkartu ziren astebeteko senidetzean, horietako 15 ziren Vicenzakoak, 10 Pforzheimekoak eta besteak Goizalekoak. “Senidetze honen bitartez, hiru mendi taldeetako kideak elkar ezagutzeko aukera paregabea izan dugu, eta argi dago munduko tragediak saihesteko metodologia egokia dela senidetzea”, adierazi dute taldekideek.
Orain artekoak
Orain arte, hainbat izan dira egindako irteerak: 2006an Gran Paradisora joan ziren, 2007 Gernika inguruan gelditu ziren, eta Tirolera (Austria) joan ziren 2008an. 2009tik 2012ra, Ordesa, Dolomitak (SüdTirol), Bavariako Alpeak eta Picos de Europa bisitatu zituzten, eta, ostean, Dolomitak (Tofana di Rozes), Berchtesgaden eta Panticosa inguruko mendiak. 2016an Dolomiti di Brentara joan ziren, 2017an Stubaier Alpenera eta 2018an Benasque inguruetara. Adamello bisitatu zuten 2019an, eta, iaz, Verwalleko mendiak igo zituzten.