Santiago jaien txanda, heltzear
Musikak, herri kirolek eta tradizioek bat egingo dute Santiago eta Santa Ana jaietan. Zegaz gozatu izango dute Morgan, Kortezubi, Busturiko Axpen eta Nabarnizko Lekerika auzoan.
Badatoz Santiago eta Santa Ana jaiak Kortezubin, Morgan, Busturiko Axpen eta Nabarnizko Lekerikan gogotsu daude jaiei ondoetorria emateko.
Busturiko Axpe auzora ere egun handiak datoz. Etzi hasiko dira jaiak ospatzen, sukalki usainagaz; izan ere, adin guztietako kuadrilek parte hartuko dute Sukalki Lehiaketan. Hala aurreratu du Maitane Zearreta Busturiko jaietako zinegotziak. Herri kirolak ere ez dira falta izan Axpeko jaietan, eta, aurten ere, horiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Bizkaiko Harrijasotzaile txapelketa eta Bizkaiko Lasto Altxatze Txapelketa lehiatuko baitituzte Axpen.
Santiago egunez, “ohiko egitaraua” jarraituko dute: meza, Irrintzi Alai taldearen dantza ikuskizuna, esku pilota partiduak eta karrozen desfilea.
Berritasun modura, Santa Ana egunean, herrikoen arteko lehenengo frontenis txapelketaren finala lehiatuko dute. “Hiru bikotek izena eman dute, eta aste honetan ari dira finalaurreko partiduak lehiatzen”, adierazi du Zearretak.
Aurten, gainera, Busturiko Eguzki Begira txokoaren 50. urteurrena ere ospatuko dute jaietan, eta bazkari herrikoia antolatu dute horretarako.
Iluntzarrera lasterketa
Nabarniztarrak, berriz, Lekerikan elkartuko dira Santiago egunez. Goizetik hasita, egun osoko egitaraua prestatu dute. Meza ostean, Kabelinatxe dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Eta, dantzen ostean, Urdaibai Koparako puntuagarria den Iluntzar 6. Mendi lasterketan parte hartuko dute korrikalariek. 13:00etan hasita, Lekerika auzotik Iluntzar mendiaren tontorrera igoko dira, eta parte hartzaileek zazpi kilometroko ibilbidea edukiko dute aurretik, 400 metro inguruko desnibel positibo bategaz. Egunean bertan izena eman daiteke, baina dagoenerako Internet bitartez hori egiteko aukera ere badago: www.herrikrosa.com web orrialdean sartuta ere izena eman daiteke.
Batzuk korrika ari diren bitartean, paellak prestatzen ariko dira beste batzuk, urteroko paella txapelketa egingo baitute Lekerikan. Ostean, EinGo taldearen doinuez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Musikak, herri kirolek eta tradizioak bat egingo dute Kortezubin ere. “Herrian jaiak ospatzeko gogo handiagaz gaude”, adierazi du Karmele Enbeita alkateak. Ezinbesteko herri kirolez gain, musika estilo desberdinetako kontzertuez ere gozatzeko aukera izango dute herritarrek: “Egun hauetan herria inoiz baino biziago dago eta ondo pasatzeko gogotsu”.
Domekan Urtza Herri Kirol Elkartearen eskutik, profesionalen herri kirol erakustaldiaz gozatuko dute, eta, ostean, umeek ere parte hartzeko aukera izango dute. Astelehenean, ohiko tortilla lehiaketa egingo dute, eta bi kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak: 18 urtetik gorakoak eta 17 urtetik beherakoak. Santiago egunez, berriz, meza eta umeen dantza ikuskizuna egongo dira, eta Santa Ana egunean hamaiketakoaz agurtuko dituzte jaiak.
Euskal ohiturak
Euskal Herriko ohiturek beteko dute Morga Santiago eta Santa Ana jaietan. Kontzertuen gauarekin hasiko dira festak herrian, eta Toc, Lukiek eta Matxinada taldeez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Motorrak berotu ostean, euskal ohiturez janzteko eguna izango da martitzena. Batzuk sukalkiak prestatzen arituko dira goizetik, eta beste batzuek herria apainduko dute. Gero, jai giroak ez du etenik izango: triki poteoa, karta jokoa, euskal dantzak eta bingo musikatua izango baitituzte aukeran. Luhartz erromeriak agurtuko du eguna.
Eta, Santa Ana egunean, berriz, denetariko umeentzako jokoek alaituko dute herria, eta txokolate janaz agurtuko dituzte festak.