38.050 herritarrek bozkatu ahalko dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan
Busturialdean, 2.261 herritarrek atzerritik emango dute botoa atzerritik. Bermeon auzo alkateak ere aukeratuko dituzte.
Uda sasoiaren erdi-erdian, uztailaren 23an, iritsiko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Herritarrak hautesmahaietara hurreratzera eta bozka ematera deituak daude etzirako [uztailak 23], eta Madalen egunez edukiko dute, hain zuzen ere, hauteskundeak orduko hausnarketa egiteko eguna. Guztira, 63.641 biztanlek edukiko dute botoa emateko eskubidea Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean: 25.591 herritarrek eman ahalko dute botoa lehendabiziko bietan, eta 38.050ek, ostera, hirugarrenean.
Busturialdean, EAJ nagusitasunez gailendu zen 2019ko azken hauteskundeetan, eta alde nabarmena lortu zuen EH Bildurekiko. Jeltzaleek, hain zuzen, 12.928 boto eskuratu zituzten; koalizio abertzaleak, aldiz, 7.450 herritarren botoak jaso zituen. Lea-Artibain eta Mutrikun, berriz, EH Bilduk gorakada eduki zuen, eta alderdi bozkatuena izan zen: 7.234 lortu zituzten abertzaleek, eta 6.972 alderdi jeltzaleak.
Hirugarren alderdirik bozkatuena Elkarrekin Podemos izan zen Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean, lehen bietan 1.358 boto eta bigarrenean 2.435 boto eskuratuta. VOX eskuin muturreko alderdiari dagokionez, azken hauteskundeetan Espainia mailan hirugarren alderdirik bozkatuena izan arren, eskualdeetan ez zuen babes esanguratsuegirik eduki: 129 boto Busturialdean eta 56 Lea-Artibai eta Mutrikun. Espainiako eta Euskal Herriko udalerririk gehientsuenetan gertatu zen modura, eskualdeetan behera egin zuen parte hartzeak eta abstentzioa, aldiz, hazi egin zen.
Hego Euskal Herrian, posta bidezko 262.132 boto eskaera egin dituzte
Posta bidezko “uholdea”. Hauteskundeetako berbagai nagusia posta bidezko bozka da. Izan ere, herritar ugari udako oporraldian bete-betean harrapatuko ditu botoa emateko deialdiak. Hego Euskal Herrian, posta bidezko 262.132 boto eskaera egin dituzte, eta Correosek gaurko [uztailak 21] 14:00ak arte luzatu du botoa bide horretatik emateko eskaeraren epemuga. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean, 3.815 herritarrek atzerritik bozkatuko dute: 2.261ek Busturialdean, eta 1.554k Lea-Artibain eta Mutrikun.
Bermeoko auzo alkateak aukeratzeko hauteslekua Ataldeko eskolan izango da, 2.6 hauteskunde mahaian
Bestalde, Bermeoko Udalak udalerriko bederatzi auzo alkateak aukeratzeko bozketa ere egingo du domekan. Hala, herritarrek, Espainiako hauteskunde orokorretarako botoa ematera deituta daudela baliatuta, auzo alkateak ere aukeratuko dituzte. Hauteslekua Ataldeko eskolan izango da, 2.6 hauteskunde mahaian, eta auzo bakoitzeko hautestontzi bat jarriko dute. Agarre, Almika, Gibelortzaga, Artika, Arronategi, Demiku, Mañu, San Andres eta San Migel auzoetakoak izango dira auzo alkateak.