Txosnen presentzia indartzeko eguna elkarlanean antolatu dute
Inoiz baino "lehenago eta indartsuago" datoz Gernikako Txosnak aurten. Abuztuaren 12rako egitarau osoko egitaraua prestatu dute, txosnen presentzia indartzeko eta txosnagunea topagune bihurtzeko.
Aurten inoiz baino “lehenago eta indartsuago” datoz Gernikako Txosnak. Abuztuaren 12rako egitarau osoko egitaraua prestatu dute Txosna batzordeko kideek, eta herritarrei egun horretako ekimenetan parte hartzeko deia egin diete: “Erronka bat izan da txosnak indartzeko eguna antolatzea, eta jendea animatu gura dugu bertaratzera. Lurgorriko San Lorentzoak aurreko egunean dira, berandu amaituko da festa, baina gaztea aktibatu gura ditugu bazkarira etortzera, eguneko egitarau horretaz gozatzera”.
Jaiak bizirik mantentzeko asmoz eta herritik herriarentzako pentsatutako jai eredu inklusiboari bultzada emanez, elkarlanean prestatu dituzte txosnetako egitaraua eta txosnen presentzia indartzeko eguna. Hala, aurten, gaueko giroa alaitzeaz gain, abuztuaren 12rako egun osoko ekintzak antolatu dituzte. “Ohituta gaude Gernikako gazteek txosnekin duten hartu emana gauekoa bakarrik izatea. Baina gazteria horri alternatiba bat zabaldu gura diogu, harremantzeko eta batzeko beste aukera bat eskaini”, azaldu dute Txosna batzordeko kideek.
Diotenez, egun bat txosnei eskaintzeko saiakera batzuk egin izan dira, txosnak gaueko jai girotik ateratzeko; oraingoan ere, hori bilatu dute: “Txosnei egun bat eskaini gura genien, txosnak gaueko jai horretatik ateatzeko. Izan ere, beste giro bat ere bultzatu gura dugu: eragile ezberdinetako jendea batzekoa, egotekoa, elkarrekin jolastekoa…”, onartu dute, eta “apustu sendoa” egin dutela diote. Txosnak indartu bai, baina elkargune bat topatu gura izan dute: “Gazteak beste testuinguru batean elkartzea da asmoa. Kuadrillak elkartzea”. Hala, “denentzako erosoa izango den gune bat” sortuko dute.
Aurten, gainera, txosnak bigarren gune bat izango dute zenbait momentutan: Pasealekua eta Seber Altube Auditorioa. Abuztuaren 12an, Pasealekuan bazkalduko dute izena ematen dutenek, eta ostean, bingo musikatuaz zein kuadrillen arteko olinpiadez gozatzeko aukera izango dute bertan. Ostean, baina, Seber Altube Auditorioan jarriko dituzte Djak. «Saiatuko gara jendea tabernatara joan aurretik, auditorioko dj-etara bideratzen. Unzu eta Gorkita egongo dira, eta barra ere montatuko dugu», adierazi dute. Ostean, kontzertuak egongo dira Pasealekuan.
Kale animazioa ere egongo da aurten txosnetan. San Roketxu egunez (abuztuak 17), kontzertuak lehenago hasiko dira, eta kale animazioa ere egongo da. “Hori apropos prestatu dugu. Jende askok uste du txosnak gaueko kontua direla, baina ikusarazi gura dugu txosnak irekiak direla, aniztasunaren aldekoak”, diote batzordekoek. Aniztasunarekiko apustua egingo dute.
Guzti hori “elkarlanean” egin dutela azpimarratu dute, aurten inoiz baino eragile gehiago daudelako Txosna batzordean: “Eragile asko gaude batzordean, inoiz baino gehiago, eta eragileetako jendea prest dago antolatzeko. Konpromisoa badago, eta horrek eragin du pauso hori ematea”. Proiektu desberdinak bideratzeko asmoa dute, baita txosnen presentzia indartzekoa ere.
Eraso gabeko gunea izango dela diote, “gune erosoa denentzat”, eta euren esku dagoen guztia egingo ddute hori bermatzeko: “Aniztasun gunea izateak ez du esan nahi zapalkuntzak onartuko ditugunik, inondik inora”.
San Roketxu egunez (abuztuak 17) mozorrotzeko deia egin dute Txosna Batzordekoek, eta aurten, lehenengoz, gaia jarri dute: marrazki bizidunak. “Txosnetan zuen marrazki bizidun gustukoenataz mozorrotuta ikusi nahi zaituztegu”. Mozorrotzen direnetzat zerbait berezia prestatuko dutela aurreratu dute.