Gernikako EH Bilduk dio "segurtasunik barik" eta aurreko agintaldiko "mesfidantza egoeran" dagoela udalerria
Gernikako EH Bilduren ustez, udal hauteskundeetako emaitzek "alderdien arteko lankidetza" eskatzen zuen, "akordio zabalak" adostekoa
Gernika-Lumoko udal hauteskundeak EH Bilduk irabazi zituen arren, ekainaren 17an Jose Mari Gorroño izendatu zuten Gernika-Lumoko alkate, Guztiontzako Herria bere plataformako kideen botoei eta EAJkoen botoei esker. Baina izendapenak baldintza bat zuen: epe bat pasatuta, Gorroñok dimisioa ematea, eta bere taldeko beste zinegotzik batek alkate kargua hartzea, Iñaki Gorroñok. Hala ere, ez dago argi Gorroñok noiz eman behar zuen dimisioa. EAJren iritziz, epea hilabetekoa zen, eta hori atzo bete zen. Ondorioz, dimisioa emateko eskatu dio alderdi jeltzaleak.
Gernikako EH Bilduren ustez, udal hauteskundeetako emaitzek “alderdien arteko lankidetza” eskatzen zuen, “akordio zabalak” adostekoa: “Zoritxarrez, gaur da eguna, aurreko legealdiko mesfidantza egoera bera, segurtasunik eza eta gobernurik eza berriro bizitzen ari garena. Eta ez dute herria hobetzeaz berba egiten, alkatetzaren aulkia nork betetzen duen baino ez dute eztabaidagai”.
Koalizio abertzaleak adierazi du gobernu “jasanezin eta eragingabe” bat izan zela aurreko agintaldikoa, eta gogoratu du EAJk “behin eta berriz” esan zuela “hori ez zela” berriro gertatuko. “Baina alderdi batzuentzat berbak eta herritarrekiko konpromisoak balio gutxi dute. Batzuen botere nahiak eta besteen kalkulu alderdikoiek herritarren ahotsari entzungor egin zioten, eta EH Bildu udal gobernu berriaren buru izatea ekiditea beste edukirik gabeko akordioa itxi zuten”, esan dute koalizio abertzalekoek.
Akordio hori ez dela publikoa izan, eta ez zaiela herritarrei azaldu adierazi du EH Bilduk: “Orain, EAJk dio akordioa ez dela betetzen ari, eta paradoxikoki, hitza betetzeko eskatzen dio beste alderdiari. Baina hitzak balio osoa galdu zuen orain hilabete, EAJk berak alkatetza Gorroñori eman zionean, behin behinean antza”.
EH Bilduk herri honekiko bere “konpromisoa berretsi” gura du, eta lanean jarraituko duela adierazi du, “guztien arteko elkarlanean Gernika-Lumo aurrera eramateko”.