"EH Bilduren aldeko botoa Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak defendatzeko bermea da"
EH Bilduk agerraldia egin du gaur, Gernikako arbolaren aurrean, eta Otegik EH Bilduren aldeko botoa eskatu du, "maite dugun Euskal Herria defendatzeko".
EH Bilduk agerraldia egin du gaur, Gernikako arbolaren aurrean, 1936ko altxamendu frankistaren egunean. Hala, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du “frankismoaren oinordekoen aurrean” ezin dela ekidistantea izan. “Batzuek diote eskuinaz eta ezkerraz hitz egiteak ez duela zentzurik. Ez gatoz bat. Alde batean, Errepublikaren aurka altxatu zirenen oinordekoak daude, eta bestean, gure herriak, haien subiranotasuna eta errepublikak defendatu genituenak”.
Otegik esan du euskal herritarrek “errespetua” merezi dutela: “EH Bilduren aldeko botoa Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko bermea da. Gaur ez dizuet EH Bilduren aldeko botoa eskatzen, gaur botoa eskatzen dizuet maite dugun Euskal Herria defendatzeko”.
Eskuinaren aurre egiteko, “eskubide gehiago” eskatu ditu Mertxe Aizpuruak: “Birzentralizazioaren aurrean, subiranotasun handiagoa. Autoritarismoaren aurrean, askatasunak. Beldurraren aurrean, itxaropena. Etsipenaren aurrean, ilusioa”. EH Bilduk euskal herritarrak “zaindu” ahal izateko tresna guztiak nahi ditu, eta horiek defendatuko dituela Madrilen dio Aizpuruak. “Gure autogobernuan aitortutako eskubideak izatez gain, ezinbesteko tresnak nahi ditugu gure eredu sozial eta ekonomiko justu, zuzen eta aurreratu bat eraikitzeko, hemen bizi diren eta lan egiten duten pertsonen bizitzak hobetzeko”.