Pertsona bat hil da Mundakan, traktore istripu baten ondorioz
BI-2235 errepidean izan da, Bermeo eta Mundaka arteko Lamiaran auzoan.
Pertsona bat zendu da Mundaka eta Bermeo bitartean dagoen Lamiaran auzoan, BI-2235 errepidean, traktoreagaz istripua eduki ostean. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik azaldu dutenez, 12:30ak inguruan, gizonezkoa errepide gaineko landa gune batean beharrean zegoen, traktorearen kontrola galdu, errepidera erori da, eta traktorean harrapatuta geratu da.
Suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak istripua gertatu den lekura bertaratu dira, eta suhiltzaileek atera dute ibilgailuaren barrutik. Uneotan, autopsia egiteko forentsearen zain daude.
Istripuaren ondorioz, eskumako erreia zarratu dute Gernika-Lumorako zentzuan, eta Ertzaintza ibilgailuen joan-etorria ezkerreko erreitik erregulatzen ari da.