Gernika, zazpigarren aldiz jarraian EuroCup Womenera
Abuztuaren 9an egingo dute taldekako faserako zozketa. Gernika-lumotarrek, gainera, Gabby Nikitinaite fitxatu dute eta, dagoeneko, hamar jokalari dituzte hurrengo denboraldirako.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak EuroCup Womenen jokatuko du 2023/2024 denboraldian ere. 2017/2018 denboraldian jokatu zuten Malostekoek estreinakoz Europa mailako txapelketan eta, orduz geroztik, urtero-urtero galdu ez duten hitzordua izan da. Lehiaketaren aurtengo ekitaldia, baina, bestelakoa izango da. Izan ere, EuroCup Womenek aldaketak egin ditu bere formatuan: konferentziak ezabatu egin dituzte eta, gainera, ez da mugarik egongo, herrialdeei dagokienez.
Emakumezkoen Endesa Ligan jokatzen duten taldeetatik, Lointekez gain, Uni Gironak, Movistar Estudiantesek eta Cadi La Seuk jokatuko dute Europan datorren denboraldian. Multzokako faserako talde zozketa abuztuaren 9an egingo dute, Munichen (Alemania).
Gabby Nikitinaite, puntuak lortzeko. Bestalde, talde gernika-lumotarrak Gabby Nikitinaiteren fitxaketa aurkeztu du. Eskolta Friburgo talde suitzarretik dator eta 17,9 puntu, 6,7 errebote eta 3,2 asistentzia lortu ditu bataz beste Suitzako ligan eta 15,9 puntu, 6,9 errebote eta 3,1 asistentzia Eurocup Womenen. Nikitinaitek Lituaniako eta Ingalaterrako pasaportea du, baina azken honekin jokatu du harrobiko selekzioetan. Iaz Suitzako Ligako jokalaririk onena izendatu zuten eta bostekorik onenean sartu.
Nikitinaite: “Erronka handia izango da Emakumezkoen Endesa Ligan jokatzea”
Nikitinate bere kirol ibilbidean “aurrerapauso handia” egin duela azaldu du: “Erronka handia izango da Emakumezkoen Endesa Ligan jokatzea. Taldeak denagatik lehiatu du bai ligan, bai Eurocup Womenen”. Mario Lopez entrenatzailea ere pozarren agertu da fitxaketagatik. “Nikitinatek bere indarguneak erakutsi ditu Eurocup Womenen, Lublin txapeldun poloniarrari 31 puntu sartuz. Defentsan, errebotean asko lagundu dezakeen jokalaria da. Espero dugu liga batetik besterako kalitate jauzia gehiegi ez nabaritzea eta arin egokitzea gure lehiakortasun mailara. Gogoagatik ez da izango, saskibaloia maite duen jokalaria baita”, azaldu du.
Nikitinaiteren fitxaketagaz, Lointek Gernika Bizkaiak hamar jokalari ditu hurrengo denboraldirako: Laia Flores, Itziar Ariztimuño, Marta Alberdi, Roso Buch, Grace Berger, Angie Bjorklund, Maya Dodson, Sara Madera eta Sofia Da Silva