Pello Bilbao, 2026ra arte Bahrain Victoriousegaz
Gernika-lumotarrak, Frantziako Tourreko hamargarren etapa irabazi ostean, taldeko erreferenteetako bat izaten jarraituko du.
Emaitzek dakartzaten bermeekin eta konfiantzagaz ailegatu zen 2020. urtean Bahrain Victorious txirrindulari taldera Pello Bilbao Lopez de Armentia gernika-lumotarra. Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Astana taldeetan eskarmentua hartu ostean, liderretako bat izateko helburuagaz iritsi zen bere egungo taldeetara, eta bikain erantzun die beragan ipinitako aurreikuspenei. Iragan martitzenean [uztailak 11] lortutako Frantziako Tourreko etapa garaipena horren azken erakusle aparta da. Horrenbestez, taldeko liderretako bat izaten jarraituko du 2026ra arte.
Gernika-Lumokoak adierazi du azken denboraldiotan Bahrain Victoriouseko “familiaren parte” sentitu dela: “Oso pozarren nago hitzarmenaren luzapenagatik. Lantalde osoaren aldetik babes handia jaso izan dut denbora tarte honetan, eta gauza politak egiten segitzeko prest nago”. Taldeko ordezkariek ere, beren aldetik, Bilbaoren kontratua luzatzeak duen “balioa” azpimarratu dute. Milan Erzen zuzendariak azaldu du Bilbaoren mailak eta eskarmentuak “taldeko kapitainetako bat izatera” eroan duela: “Oraindik emateko duenaz gozatzen jarraitu nahi dugu; benetan harro gaude, Bahrain Victoriouseko koloreak janzten jarraituko duelako”.
Puntako palmaresa. Bere kirol ibilbidean zehar, Bilbaok birritan amaitu du bosgarren Italiako Giroan, eta Frantziako Tourrean bederatzigarren bukatutakoa ere bada. Tourreko etapa garaipenaz gain, beste bi ditu Italiako itzuli handian. Gainera, Euskal Herriko Itzulian, Dauphineko Criteriumean, Alpeetako Tourrean, Udaberri Klasikoan, Down Under Tourrean, Turkiako Itzulian edota Alemaniako Tourrean irabazitakoa da.